Kattalin Miner.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Nola ekidin Poliziarekin arazoak

2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Pandemia garai honi «alde, kritika, ikuspegi sozialetik» jarduteko aukera eman didaten honetan, lehen kolpean hauxe pentsatu nuen: «Hau pagotxa! Norberaren kexa lau haizeetara!». Baina tira, nori interesatzen zaizkio besteen kexak, norbera bereekin nazkatzerainoko garai honetan?

Hori horrela, behingoagatik gizarteari zerbitzu bat egiteko asmoa jarri diot neure buruari zutabe hauen bidez, zehazki, COVID-19 garaiak errazago bizitzeko gakoak emanez. Gaur, oinarrizko gomendio bat: Nola ekidin Poliziarekin arazoak.

Bat, ez zaitez gaztea izan. Eta gaztea ez bazara, ez jantzi gaztea bazina bezala (honek edozein garaitarako balio du). Gaztea bazina, ez okurritu inola gazteei dagozkien gauzak egitea: parkeak okupatu, zigarroak eta beste erre, dantzatu, gauzak edan, jolastu, pipak jan edo nik zer dakit zer egiten duten gazteek. Baina ez egin.

Bi, ez zaitez, inola, zuri-europarra ez den azal kolore eta dokumenturik gabe kalera atera. Eta,ezin izan baduzu hori dena ekidin, gutxienez, ez dadila nabaritu pobrea zarenik. «Baina…», ez baina eta ez baino.

Hiru, ez ezazu protestarik egin. Ez behintzat rap-zalea eta antifaxista bazara, edota kaleratu berri duten langilea edo... gaztea.

Bizitzaren kontuak direla eta, kalera irten beharra duen, eta aurreko premisek gurutzatutako hiritarra bazara, eta demagun espazio publikoaren erabilera aske bat egiteko ideia izan duzula, edo parke bat gurasotasunik praktikatu gabe okupatu, edota terraza bat ez den nonbait zure zurruta autogestionatu, edota, mila arrazoi edo gogo medio etxeratzeko agindua (guztiz normalizatu duguna) pasa bazaizu, edo azken muturrera joan eta guztiz enagenatuta, protestarako zeure eskubideak erabiltzeko ideia izan baduzu, kontuz, agente bat dator.

Bat, beti errespetuz zuzendu autoritateari; «de usted» bada, askoz hobeto. Deitu «agente», baina ez inoiz «señor agente», ez dakit zergatik, baina ez zaie gustatzen.

Bi, ez hitz egin euskaraz, zeren euskaraz ez badakite, ez dute ondoegi hartzen, eta ,batez ere, ez da zure hizkuntza eskubideak aldarrikatzen aritzeko unea. Inoiz ez da zure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko unea.

Hiru, baliteke liskarra musukoaren erabilera edo distantzia kontuengatik hasi izana, baina horrek ez dizu eskubiderik ematen agenteek neurriak betetzen ez dituztela ohartarazteko. Gainera, denok dakigu kolpe artean ez dela birusa transmititzen. Eta, e, lasai, zuk baino lehenago hartuko dute txertoa eta.

Eta hori guztia eginda isuna edo kolperen bat jaso baduzu, ba ez dakit, zer nahi duzu nik esatea, gomendioak betetzea besterik ez zenuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.