Zentzu askotan —gizarte politikei dagokienez, adibidez —Euskal Herria laborategi interesgarri bat da. Izan ere, oso esparru geografiko mugatu batean bi estatu eta hiru administrazio ezberdin egoteak hiru gizarte politika mota edo eredu ezberdin egotea dakar. Gizarte beharrak, ohiturak eta eskakizunak antzekoak badira ere hiru lurralde horietan, erantzun ezberdina ematen zaie hiru lurraldeetan eta, horregatik, posible da bakoitzaren ezaugarriak alderatzea eta elkarrengandik ikastea.
Ideia horretatik abiatuz, Eusko Ikaskuntzak aurki aurkeztuko den ikerketa bat egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian —edo, zuzenago, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan— mendekotasun bat duten adineko pertsonei ematen zaien arreta ereduak konparatuz.Ikerketak, alde batetik, lurralde bakoitzeko sistema deskribatzen du eta, bestetik, eredu bakoitzari dagozkion datuak alderatzen ditu: zenbat pertsonari ematen zaien arreta, zenbat diru gastatzen den edo zenbat pertsonak egiten duten lan zerbitzu hauetan (egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxez etxeko laguntzan, batik bat). Gainera, hiru eredu hauen arteko ezberdintasun nahiz berdintasunak identifikatu dituzte txostenaren egileek eta hiru lurraldeek partekatzen dituzten erronkak.
Ikerketaren emaitzak, neurri batean behintzat, harrigarriak dira, eredu hauen arteko ezberdintasunak uste baino txikiagoak direla ikusi baita. Gizarte zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsonen kopurua, adibidez, nahiko antzekoa da: 3,7% Euskadin, 2,8% Pirinio Atlantikoetan eta 2,3% Nafarroan. Antzekoa da ere, adineko pertsonei dagokienez, arreta zuzena jasotzen duten hiritarren portzentajea edota erakundeek zerbitzu hauetan gastatzen duten dirua: 193 euro biztanleko Euskadin, 124 Pirinio Atlantikoetan eta 101 Nafarroan. Beste antzekotasun batzuk ere badira: zaintzen krisia, genero rolek duten garrantzia, lan baldintza kaskarren eragina, arreta komunitario baten alde erakundeek egin duten apustua edota zerbitzu hornitzaile publiko zein pribatuen parte hartzea.
Ezberdintasunak, ere, asko dira. Alde batetik, aukera askatasunari dagokiona: Ipar Euskal Herrian mendekotasuna duten hiritarrek diru laguntza bat jasotzen dute, bere errenta eta mendekotasunaren mailaren arabera, eta horrekin, teorian behintzat, aukeratzen duten zerbitzua ordaintzen dute, publikoa ala pribatua delarik. Euskadi eta Nafarroan, berriz, diru laguntza horiek gutxi hedatu dira eta Administrazioa da zuzenean zerbitzua ematen duena edo, maizago, zerbitzua hornitzaile pribatu bati kontratatzen diona. Erabiltzailearen aukera askatasuna, eredu horretan, txikia da oso. Bigarren ezberdintasuna Hegoaldean familia zaintzaileei ematen zaien diru laguntzei dagokiena da: Iparraldean horrelako laguntzarik ez dagoen bitartean, Hegoaldean nagusietakoa da, horrela zaintza familia esparruari lotuz.
Lurralde antolaketa eta erakundeen arteko eskumen banaketa ezberdinak dira ere hiru lurraldeetan: Iparraldean, sistema estatu mailan gobernatzen bada ere, Departamenduak ditu zeregin nagusiak. Nafarroan, berriz, Nafarroako Gobernuak ditu eskumen nagusiak eta, Iparraldean bezala, udalen papera bigarren mailakoa da. Eredu anitzena, eta konplexuena, Euskadirena da, hemen Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalen artean banatzen direlako eskumenak eta erantzukizunak, askotan aipaturiko mataza sortuz.
Ereduaren finantzaketari dagokionez, ezberdintasunak handiak dira ere: Iparraldean Frantzia osoan bezala—enpresa zein langile guztiek bere soldatari loturiko kontribuzio berezi bat ordaindu behar dute, hilero, mendekotasunaren sistema finantzatzeko. Hegoaldean, berriz, ez dago horrelako sistemarik eta gizarte zerbitzuak berez nahiko apalak diren zerga orokorren bidez ordaintzen dira.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN
Nola egiten zaio aurre mendekotasunari Euskal Herrian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu