Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Noiz arte urruntze soziala?

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Azken asteetan asko entzun dugun gaia, eta behartu egin gaituzte, pertsonen arteko kontaktua mugatzearena izan da, hau da, urruntze soziala. Neurri hori ez da bakarrik gizakietan izaten, animalietan ere gertatzen da; esate baterako, erlauntzetan, erleek kutsatuta dauden kideak kanporatzen dituzte.

Ez dakigu noiz bukatuko den COVID-19aren infekzioa eta gaixotasuna kontrolatzeko hartu den neurri hori, baina, zoritxarrez, luzarorako joango dela susmatzen da. Harvard institutuko ikertzaile batzuek Science aldizkarian argitaratu berri duten lan batean aurreikusten dute urruntze soziala 2022 arte derrigorrezkoa izango dela koronabirus berri honen transmisioa gainditu nahi badugu.

SARS-CoV-2aren transmisio pandemikoaren eta postpandemikoaren dinamika eredu matematiko batekin aztertu ondoren, ikertzaileek ikusi dute zenbait faktoreren menpe egon daitekeela, hala nola transmisioaren urtaroko aldakuntza-maila, immunitatearen iraupena eta SARS-CoV-2aren eta beste koronabirus batzuen arteko immunitate gurutzatuaren maila, bai eta kontrol-neurrien intentsitatea eta denbora ere.

Ikerketa eskualde epeletako lurraldeak kontuan hartuta egin dute, munduko populazioaren gehiengoa bertan bizi garelarik. Aztertutako eredu horretan, koronabirusa gai izan zen agerraldiak sortzeko urtaro ezberdinetan, baina neguko/udaberrikoak gailur baxuagokoak ziren, eta udazken-negukoak,, zorrotzagoak.

Bestalde, gizakiok sortzen dugun immunitateak eragina izango du birusaren kontrolean, eta, horrela, immunitatea iragankorra balitz, beste betakoronabirusen aurrean gertatzen den moduan, ereduak aurreikusten du urtero edo bi urterik behin agerraldi bat egongo litzatekeela. Aldiz, immunitate hori iraunkorra balitz, birusaren ezabaketa lortuko litzateke.

Immunitate horri lotua, gizakia kutsatzen duten betakoronabirus talde barnean sailkatzen dira beste lau birus ere, eta ikusi da beren artean erantzun immune elkargurutzatuak sor daitezkeela. Hau da, birus baten kontrako erantzun immuneak beste batzuetatik ere babestu egiten dituela, antigorputz neutralizatzaileak sortzen direlako. Eta horrek lagundu dezake koronabirus berri honen kontra immunitatea sortzen ere.

Azkenik, tratamendu farmazeutiko eraginkorrik edo txertorik eskura eduki gabe, ukipena eragoztea, berrogeialdia eta urruntze soziala izan dira esku-hartzeen ardatza. Erantzun horien intentsitatea eta iraupena hasierako pandemia-uhina nola garatzen denaren araberakoa da, eta ondoren SARS-CoV-2 transmisio-dinamikaren araberakoa ere bai. Baina gero eta argiago dagoena da etorkizuneko hilabeteak eta urteak ez direla izango iraganekoak bezalakoak, eta urruntze soziala barneratu egin behar dugun neurri bat dela, eta, tamalez, gure artean luzerako geldituko dela, aldizkako moduan bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.