Konparazio batera, 1998an: ETA ekinean zen Lizarrako Akordioaren aurretik. 2018an: ETArik ez dago; bukatu du, aurten. Edo, 1998an: Nafarroako Gobernuan UPN zen buru; Ipar Euskal Herrian, instituzio propiorik ez zegoen. 2018an: Nafarroako Gobernuan Geroa Bai buru, besteak beste EH Bildurekin akordioa eginda; Ipar Euskal Herrian, lehen aldiz, instituzio bat. Bakegintzan eta eremu instituzionalean Euskal Herria egiten joateko aukera nabarmen batzuk. EAEn, berriz, gorabeherak gorabehera eta, sikiera, hauteskunde emaitzei so eginez, 1998an, talde abertzaleek 41 legebiltzarkide atera zituzten, besteek 34, eta, 2016an —atzenekoetan—, 46-29; edota euskal nazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duten taldeek 1998an 43 aulki, besteek 32, eta 2016an, 57-18. Izan da aurrerapen gehiago, oro har; gaikakoak gehien-gehienak.
Baina 1998an:nazio estrategia partekatu bat jarri zen abian, Lizarra-Garaziren ondorioz. 2018ko egoera da... Karmelo Landak Argia-n idatzi du «dimentsio estrategikoa duen» nazio egitasmorik ez dagoela: «Euskal Herriak egitasmo kolektiboa behar du, nazio-antolaketa demokratikoa burutzeko plangintza zehatz, argi eta egingarria». Gainera, eta berriz ere konparazioak egitera jota, gaur egun ez dago, Lizarra-Garazi garaian bezala, ELA-LAB lankidetzarik —1995etik ari ziren—; duela hiru urte, EAJk berriro ekin zion PSErekin gobernu koalizioak egiteari; edota kamutsagoa da Udalbiltza.
Lizarra-Garazin, azkenean, denbora faltagatik eta desadostasunengatik, ez ziren nazio egitasmo zehatz bat egitera iritsi, baina asmo baten pausoak hasi ziren. ETAren indarkeriarik ezaz gain, akordioak lurraldetasuna zuen ardatz nagusietako bat. Agenda politikoa markatzeko gaitasuna zeukaten, eta horrek instituzioetan ere isla zuen —funtsean, EAEn ziren nagusi—. Artean, ordea, oro ez zen urre, eleak ele —orain dela urte batzuk Otegik ekitaldi batean 1999ko Aberri Eguneko istorio bat kontatu zuen: Iruñean, Anaitasunan, HBren mitinean lau mila lagunen aurrean iragarri zuen urtebete barru independentea izango zela Euskal Herria; «baina garrantzitsuena ez da nik huts egin izana aurreikuspenetan, zuek sinetsi egin zenutela baizik. Hori da garrantzitsuena, irabazteko anbizioa zegoela»—.
Azkar hautsi zen Lizarra-Garaziko prozesua, baina esperientziak utzi zuen arrastorik: denbora gutxian, EAEko estatutu politiko berria, Loiolako saioa eta EAEko Kontsulta Legea; subiranisten arteko elkarlanean Nazio Eztabaidagunea; edo, abertzaleek sustatuta, Batera plataforma Ipar Euskal Herrian. Batera-k soilik eman du fruitua. Orain ere oro ez da urre, hitzak hitz —duela bi urte Ortuzarrek Efe-ri emandako elkarrizketa batean zioen EAJ-PSEren Jaurlaritzako ituna «hein handi batean, Loiolako paperetan inspiratzen» dela, «nazio aitortzan, erabakitze eskubidean edo lurralde desberdinen arteko harremana positibizatzean»—.
German Kortabarria ELAko idazkari nagusiaren alboko ohiak esan izan du Lizarra-Garaziko «entzierroan» alderdi politikoak zirela «zezenak», eta eragile sozial eta sindikalak, «joaldunak» besterik ez. Nekez ikusiko daLizarra-Garazi II-rik, molde horretako egitasmorik. Horrek ez du esan nahi prozesuren bat ez denik abiatuko. Dena dela, biharko egunean zeozer balego ere, zail izango luke aurrera egitea Euskal Herrian nazio kontzientzia zabalagoa ez badago. Baina, gaur-gaurkoz, kontzientzia nazionala eskailera batzuk gorago ez egote hori ez da alderdi politikoen errua bakarrik.
Lizarra-Garazik 20 urte. Egoeraren aldaketa. ANALISIA
Nazio kontzientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu