Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Naturaz mintzo

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez nuen Pello ezagutzeko ohorerik izan (Zabala abizendunak hainbat eta anitzak gara, Argentinatik Filipinetara). Baina meteorologoak idatzitakoa bihotz zein burutik hurbil daukat: «Aldamenean eta azpian dagokeenaren mintzo ezkutuaren» bilan, sasoi, une eta naturaren biztanle oro behatzean aurkitzen zuen asea, «natura aberatsari eta ortzialdeko zantzu eta mintzo guztiei jaramon eginez, denari eta denei erne erreparatzean».

Arestian ikasle batek zera galdetu zidan: zein motibazio daukate enpresek eta gobernuek ingurumen politikei ekiteko, kostuak dakarzkie eta? Funtsezkoa zein garrantzitsua galdera hori. Batetik, garaituta sentitu nintzen, ikasgai osoa bukatu ostean jasotako galdera hori nire irakasle lana ongi egin ez izanaren adierazletzat hartuta. Bestetik, pentsatu nuen, begiak ireki besterik ez da egin behar, ekimenoi ekiten ez badiete, zer gertatzen den eta gertatu daitekeen igartzeko, naturari zein berorren baitan dihardugun gizaki eta enpresei.

Horra Pelloren hitzak oroitu eta garatzeko aukera polita, naturaren mintzoa aditzearenak. Bereizketa hau egin nahi duenarentzat, ezagutza tradizionala zein jasoa biltzen dituen jarduera xume eta garrantzitsu hori goraipatuz.

Natura mintzo dabil, pinudietan hautsitako enbor eta adarrek onddoen izurritea dagoela adierazten dutenean. Landareak ohi baino hilabete bat lehenago loratzen direnean. Ibilgailuen aurreko kristalean pilatzen ziren intsektuen arrastorik jada ez dagoenean. Eurite oparoek ibaiertz eta hondartzetan plastiko hondakin metak agerrarazten dituztenean. Azpiegituren eraikuntzak iturriak lehortzen dituenean. Makroetxaldeen nitrogeno isuriak urak berdatzen dituztenean.

Urrutiko natura mintzo dabil ere, gure gailu elektronikoak asetzeko meategien kutsadura Andeetako urak loditzen dituenean. Himalaiako glaziarren urtzeak herritxoak suntsitzerakoan. Eguneroko elikagaien ekoizpena dela tarte, Indonesiako suteen keak ehunka kilometrora airea iluntzen duenean. Peruko kostaldeak eta animaliak galipotaz estaltzen direnean. Gure zentzumenetik aparte dagoenez, zailago zaigu mintzo hura hautematea, baina mintzoa hor dago.

Horiek denak kostuak dira, horietako askok enpresei zuzenean eragiten ez badiete ere.

Natura mintzo dabil ere, gure ahaleginen ondoren hirietan ibai eta erreketako ura garbi datorrenean berriz. Bakean utzita, zuhaitzak eta zuhaixkak belardietan hedatu eta animaliak herrietara hurbiltzen direnean. Pestizidak baztertuta, marigorringoak baratzera itzultzen direnean. Autoen erabilera murriztu ondoren, hiriko airea garbi usaintzen duenean. Ahalegin arduratsuekin lurzorua berreskuratzen denean. Hondartza aldi bakoitzean bisitatzerakoan ilunabarreko hodeien koloreak eta mugimenduak ikuskizun erabat desberdina eskaintzen dutenean.

Naturak dioskuna ez da zaila antzemateko. Bizitzako beste arloetan bezala, baten batek zailtzat emateagatik hura ikasi edo ikusi nahi ez badu, orduan, itsu eta gor, etorkizunak ez du ikuspegi onik. Bai, naturaren mintzoak konplexutasun asko du, eta inguratzen gaituen guztiari buruz dihardu: airea, ura, lurra, landareak, pertsonak. Baina hura aditzeko, zentzumenak ireki besterik ez da egin behar, erne, adi edota, modernitatez janztearren, mindful ibili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.