Trantze latzean gaude Frantzian, Ipar Euskal Herri honetan barne. Hautu larria duguegiteko apirilaren 24an. Karrikan eta T1 autobusean gurutzatzen ditudan solaskideenhitzetan beldurra, ezinegona, haserrea, xederetan harrapatuak izatearen sentimenduak baizik ez ditut irakurtzen. Mehatxuak ere bai: «Macronek ez baldin bagaitu kontentatzen, Le Peni emango diot ene botoa... orduan bai ikusiko dugula egiazki zer den sufritzea». Le Pen gobernu-buru ikustearen opzioak halako izu-aire bat sartzen dit zainetan, ez dakit zer ihardets, ahultzen eta ikaraz hantzen nau. Mintzaideak desafiotik etsipenera pasatzen dira begi-kliska soil batez eta bukatzen dute «ez dakit zer egin» erranez «behar badaetxean geldituko naiz, abstenituz bozka-gaztigu moduko bateginez, berenkoiak eta ustelak dira denak, eta gainera euskaldunon eskubideak ukatzen dituzte...».
Une horretan, nire izpiritu sinple eta sinplifikatzailea kolapsatzen da: ez dut ulertzen. Arrabokan eta marmaraz gehien ari direnak dira bozka egunetan etxean geratzen. Etsituak dira, egia da, sistema demokratikoetan, izaki-bakunak ez direlako beren merezimenduen neurrian berehala zerbitzatuak, alderantziz askotan, gorrotatzen den auzoak ditu diru-laguntzak eta begiruneak erdiesten: errabiatzakoa badela aitortuko duzu irakurle... Sortaldeko jendarteotan, gure intimitatera begira bizi gara eta aldi berean, en même temps lerrake Macronek, kanpora, etengabeko bestearekiko konparaketa saioetan galtzen dugula denbora. Eta horrek frustrazioa sortzen du, antsia, nagitasuna, nahikeria, jeloskeria... Mekanismo sozial hauek ederki funtzionatu dute pandemia garaiko hainbat konfinamendu episodioetan.
Noiztenka jartzen naiz mendekuzko botoa urnan utzikoduenaren larruan. Herra gidari ona da eta bestearen kontrako gerlak herio pultsio metaforikoari bidea irekitzen dio, aurka ari garenean lasaituak sentitzen gara, segur gara gure ideietan, zalantzarik ez daukagu: estatu totalitario batean gutxi batzuk libre izan daitezke, bekoz bekoan, sakrifikatzeko norbait edo zerbait duteino. Baina ez naiz heltzen bozkatzera joango ez denaren joera konprenitzera: politikarekiko disgustu hori, gohain hori, gauza publikoarenganako urruntasun hori, eta gero, ostatu zokoetako eztabaida sutsuak, Ricard trinko eta ardo zuri mikatz artean.
Pentsatzen da beti jende arruntenak dituela abstentzio egileen tropak loditzen. Bistan dena, bizitza kolektibo eskasetik at dabiltzanak badira, baina irakurri berri dudan Lemonde.fr guneko artikulu baten arabera, bozkatzera ez doazenak klase ertain apalekoak dira, txertoa salatzen zuten berak, bai eta frantses boterea borrokatzen zebiltzalako hain idealizatu genituen gilets jaunes haien saldoetan aurkitzen genituenak.
Bozka bulegoetako bakartegietan trenkatuko dira gure duda murritzak, kontzientziaren sekretuan: ez dut erranen nori bozkatuko dudan, ez eta nori bozkatu behar duzun...
PENTSALDIAN
Nagietsiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu