Aitor Renteria.
Europako hauteskundeak. Analisia

Muturrak okertzeraino

2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Eskuin muturrak eman du zartakoa eta bigarren indarra bihurtu zen igandean Ipar Euskal Herrian. Frantziako eraginak azaltzen du zartakoa, hangoa bezain ozen eta mingarria izan ez den arren. Zartakoaren hazkurak, zer pentsa eman beharko die UMP eta PSalderdiei bereziki. Ez FN erabakigarria bihurtuko delako Ipar Euskal Herrian, baizik eta alderdi nagusien higadura begi bistan utzi duelako.

Lehen soan, FNk duela bost urteko emaitzak hirukoizteak inarrosten du. Frantziako lehen indarra izanik mamuak dantzan ezarri ditu. Hurbilegi daude martxoko herri bozak, erkatzea saihesteko. Orduan ez bezala, 25 zerrenda egon dira oraingoan, ez bospasei. Bozak barreiaturik, bozen %20 aski ditu lehen indarra izateko, Lehuntze, Lekuine, Mugerre edo Urketan bezala. Abstentzioa %45 izanik eta lehia itzuli bakarrera jokatuz, eskuragarri lehen postua. Errazagoa baita gobernuan dagoena kalitzea, jokoan dagoena ikusten eta ulertzen ez delarik. Tokiko eragileak inarrosteko ere balio du, ustez, ondorioak pairatu gabe. Bi itzuliko sisteman ohitua dagoen herrian, bakarrekoak indargabetzen du eskuin muturraren inguruan «hesi errepublikanoa» baliatzeko aukera.

Alta, Frantziako toki gehienetan bezala, Ipar Euskal Herrian ere FNk ez du tokiko egiturarik. Frantzia mailako hauteskundeak dira, haien boza entzunarazi eta boterea zigortzeko parada.

Geroari begira, alderdiek kontuan hartu beharko dute hori. Irabazteko, sozialistek beharrezkoa dute aliantza, izan dadin Berdeekin edota Ezkerreko Frontearekin. UMPk ere zentroaren bermea behar du, lehia horretan gailentzeko. Gutxi aipatu bada ere, zentroak indartu du eragina.

EH Baik ere badu zer gogoetatu. Lehiak koalizioa mugimendua bihurtzeko urratsean harrapatu du. Martxoan gako bihurtu ondoren, isiltasunak umezurtz bihurtu du. Zortzi miloi biztanle dituen barrutian, aliantzak garatzea du erronka, EAJk baliatzea nahi ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.