Itxaro Borda
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Musurik ez

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bidaia bat aski da ohartzeko koronabirus pandemiak mundu guztia geldirik atxiki duela, herrialde aberatsetan pobreetan baino gehiago nabaritu dela bat-bateko hormatze hori. Sistema ekonomikoak presioa egin zuen azkarki, kontsumoaren, produkzioaren eta esplotazioaren korrikak segi zezan, etengabe, eriak, ahulak, herbalak eta baztertuak kontutan eduki gabe. Kapitalismoa urrikal gabea dela badakigu, totalitarismo mota honen diskurtsoak ezagutzen ditugula: ezin omen da jendarterik osatu, borroka naturalean hasieratik galtzaile sortzen direnekin, eta bla, bla, bla...

Montrealetik Pariserako hegazkinean, Artikako abereei buruzko dokumentala irentsi nuen, Madisoneko zubiaren maldan Clint Eastwood eta Meryll Streep elkarri musuka miretsi ondoren. Elurrez, bankisaz, zeru urdinez eta itsaso grisez edertu paisaiaren aitzinean mintzo zen komentatzaile batek «baldintza horietan indartsuenek baizik ez dute irauten» zioen, erantsiz «hainbat gaizto, flako eta kemenik ez duen izakiarentzat!». Ene loeria kimikotik iratzartu nintzen orduan, hausnar astunean: erraten duena ez da sinetsarazi nahi diguten egia... Abere, landare eta jende sozietate normal guztietan haurrak, emazteak, adinekoak begirunez kontsideratzen dira, lehenak etorkizuna direlako eta azkenak iragana, bien artean hedatzen dela orainaldiaren eremua.

Jendarte bekaitz batean bizi gara. Bi urteotan, prest izan gara, adinekoak eta poli-eritasunak pairatzen zituztenak COVIDaren aldarean sakrifikatzeko, gure eros, lan eta goza falangek bete-betean jarraitzeko gisa. Zer dugu buruan? Zerk eramaten gaitu gure inguruetan, pertsona baliosak eta inutilak badirela ebaztera? Nolaz onartu ditugu diskurtso horiek, irrati-telebistetako entzuketa-handi orduetan? Neoliberalismoak lortu du gizakiak, emaztekiak barne, birla indibidualetan gatibu eta berak bakarrik ezinbesteko direlako ondorioetara bulkatzea? Bitartean, pantailan, hartz zuria, noraez, urtzen zihoan hormaren gainean, balantzaka.

Etxeratzean, Kim O'Bonsanwin kanadarraren Call me human (2021) filma hartu nuen eta hor, bihotza urtu zitzaidan, Marie-Andrée Gill poeta inu gaztea, tundra zeharkatzeko, Joséphine Bacon 74 urteko olerkaria bizkarrean garraiatzen ikustean. Inuek, leku batetik bestera nomadizatzen zutenean, ez zuten gibelean deus eta nehor abandonatzen. Gurea da, zaborrak eta zaharrak atzean uzten dituen aurreneko zibilizazioa. Zer da elkartasunaren funtsa, politikoa edo ideologikoa izan aitzin? Ez al da bat bestearentzat kontatzen dugula jakitea?

Herenegun, alabak, 2019ko ekainean sortu bilobak ez zuela nehori musurik ematen azaldu zidan. Koronabirusarengatik bere ustez. Litekeena, alabaina. Sei hilabete zituenetik gaur arte, aitatxi-amatxiak eta amamak ezagutu ditu maskarak muturrean, konfinamendu hasieran bederen, gutara hurbiltzeko ezintasunarekin. Eta guk beti potaren galdatzia gogoan, Ibon RGren musikarekin...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.