Maite Elizondo.
PENTSALDIAN

Musika: buru osasunaren babesleku

2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ludwig van Beethoven: «Musika opa dizut, bizitzako zamekin lagun zaitzan eta zure zoriontasuna ingurukoekin parteka dezazun».

Beethovenek ez zuen egun ezagutzen ditugun musikaren indarraren inguruko ikerketen berri, baina jabetua zen musikak eragin ditzakeen zenbait onuraz; emozioetan sortzen dituen askotariko mugimenduak sentitzeaz gain, sozializatzeko garaian musikak eskaintzen dizkigun bideak bizi zituen.

Gaur egun badakigu musika entzuteak garunaren funtzionamendua fisikoki, kognitiboki eta emozionalki aktibatzen duela, eta gorputzean eta garunean ongizate sentsazio orokor bat sorrarazi.

Garunaren gune aunitz jartzen dira martxan musika entzun, interpretatu edo konposatzean. Modu sinplifikatu batean esan daiteke erritmoak bereziki gune bulbarra aktibatzen duela, eta erreakzio fisiologikoak eragin. Melodia dienzefaloak jasotzen du, eta bertan emozio gazi-gozoak sorrarazten ditu. Harmoniak, berriz, maila kortikala jartzen du dantzan, eta aktibitate intelektuala elikatzen du.

Jaiotzen garenetik —ikerketa batzuek diote haurdunaldian ere baietz—, musikak gure garapenean eragina du ongizate biopsikosozialean. Emozioak identifikatzen eta kanporatzen laguntzen digu, kontzentrazioa areagotzen, estresa kudeatzen, sormena aberasten, memoria lantzen... Pertsona helduongan onura nabarmenak ditu musikak: oroitzapenen kutxa berriz bizitzea, gorputz mugimendua animatzea, aisia aberastea, lasaitasuna barneratzea...

Musikak guregan duen eraginkortasuna kontuan hartuz, azkar uler daiteke musikarekin batera doazen hizki, irudi eta mezuek zer-nolako eragina duten gizartearengan, bereziki norberaren nortasunaren eta baloreen inguruan hausnartzen dauden gazteengan, baita haien portaeran ere. Kasu batzuetan, zenbait musika talderen ereduak onura baino kalte handiagoa egin diezaguke, bai norberarekiko —zailtasunen aurrean ahaldundu gaitzakeen ereduak erakutsi ordez autosuntsiketara garamatzaten mezuak zabalduz—, baita besteekiko ere—indarkeriaz, jazarpenez eta intolerantziaz jositako abestiak bortizki errepikatuz—.

Kultura eta hezkuntza musikalak ezinbestekoak dira, musika askatasunetik eta ikuspuntu kritiko eraikitzaile batetik disfrutatu eta sortu dezagun. Tamalez, hezkuntza sistemak musikari eskaintzen dizkion orduak papur hutsak baino ez dira, musikaren enbor onuragarria ereiteko hazi ttipi bat besterik eskaintzen ez duena. Wolfgang Amadeus Mozartek zioen musika ez zegoela notetan, noten arteko isiluneetan baizik. Ez dut uste Mozart hezkuntza sisteman haur eta gazteek pairatzen duten isiltasun musikalaz ari zenik.

Zorionez, Euskal Herrian musikari eta musika talde zoragarriak dauzkagu, gizarte osasuntsua elikatzeko mezu eta doinuak sortzen dituztenak. Laster herri askotako festetan musika talde askorekin gozatzeko aukera izango dugu, disfrutatu ditzagun festak maitasun, errespetu eta parekidetasun ereduak zabalduz!! Ongi pasa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.