Mirene Begiristain Zubillaga.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Mundu amaierako baserritarra

2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Euskal telebistan tele-errealitate saioak normalizatu dira. Ezagunak egiten zaizkigu bertako hizkuntza eta elementu estandarrak: immunitatea, nominazioa-izendapena, desafioa, epaile-taldea, konfesionarioa...

«Errealitatea» hitzaren erabilpenak kritika zabalena ekarri du genero honetako programetan; parte-hartzaileak egoera artifizial edo faltsuetan aurkezten dituztelako sarritan, modu engainagarri eta iruzurrezkoan askotan, kamerentzako jokabideak, egoerak eta eszenak koreografizatzen direlako. Beste gaitzespen batzuk izan dira parte-hartzaileak umiliatu edota esplotatu nahi izatea, talentuei edota inkulturari iseka egitea eta publikoak ez diren figurak izarrak bihurtzea. Arrunkeria, materialismoa eta lehiakortasuna besterik indartzen ez dituztela ere iritzi hedatua da.

Beste askotan bezala, inportatutako produktua da Baserria, eta The Farm edota The American Farm reality-serieak ditu aurrekari. Programaren iritzia jasotzeko, inguruan galdezka ibili naiz, labur-labur —zundaketak ez du izan asmo estatistikorik—, bai lagun kaletar zein baserritarrei, ekoizle zein herritarrei. Askok ezetz erantzun didate, ez dutela ikusten….(zein ote da ikuslearen profila?, zalantza dut...nolabaiteko arrakasta izan omen du eta). Ikusten dutenen artean, ikuspegi kritikoa gailentzen da: estereotipoak eta nekazarien eta kaleen arteko dikotomia antagonikoa elikatzen eta sakontzen ditu, baita epaile-taldearen morboa eta izaera bertikal eta bortitza ere. Baina hortik harago, ikuslearen irakurketa kritikoan ere konfiantza izan behar delako, kezkagarriagoak dira landa eremua gaitzat hartzeak sortzen dituen desitxuratzeak: lurraren erabilera eta tratu txarrak saio askotan, baserritar batek inoiz lurrari emango ez liokeena; auzolana izena ematea lehiaketan oinarritutako probei, erabateko astakeria!; edota eszenografian hainbat material fisiko erabiltzeko modua, hala nola negutegia edo zenbait ondasun (adibidez, belar bolak). Ezjakintasunean sakontzen duten eta ilustraziotik erabat urruntzen gaituzten edukiak.

Baserria-k emozionalitatea ere erakutsi digu, nolabait landa eremuko lehiakideen adierazkortasun emozionala eta bizipenak iruditeria jakin batetik aldenduz; eta uste dut baliabideak ere apalago erabili direla beste tele-errealitate programa batzuekin alderatuta (ETB1 delako akaso?). Lagun baten esanetan, entretenimendua izan da eurentzat, etxean elkarrekin euskaraz ikusteko saioa izan delako, eta hainbat elkarrizketa eta zalaparta ere sortu dizkie herriko plazan gertuko baserritarrekin. Hor, azpimarratu dit beharrezkoa dela emakume baserritarraren irudi zorrotz eta maskulinizatua haustea, ez datorrelako bat epaile-emakumeari eman zaion figurazioarekin, emakume baserritarrei zaurgarritasunerako eskubidea baztertuz.

Baserriak….Zer elkarrizketa eta eztabaida sortu ditu? Zer iruditeria edo balio indartu, oraindik ere? Zein arrakala zabaldu edo zubi eraiki? Nola baliatu komunikazio eta espazio publikoa autentizidade osoz esateko nekazaritza iraunkorra bizimodu aukera ederra eta asegarria dela?

Akaso gehiegi eskatzen diogu telebistari... edo ez. Baina uste dut onuragarria litzatekeela landa-gaiei bestelako fikzio edo errealitate-trataera ematea, garai hauetan arinkeria badelako audientziometroa gure bizitza-eremuekin elikatzea. Mundu amaierako baserritarrak baino, nahiago mundu honetako basherriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.