Bea Salaberri
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA

Mugak zubi

2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Igandeko pausa egunaz baliatuko naiz mezu pertsonala helarazteko, digresioan, labur, hauteskundeetatik harago.

EAEko hauteskundeei beha gaude abertzaleok, nolabait etorkizuna honi lotua ikusten baitugu. EAEren mugak gureei gehitzen baitira, eta saltatuko balute, besteok ere pausoak arinago emanen baikenituzke.

Alabaina, mesfidantza handia dut politikariekin beti. Sustut, behin, kargudun batek ahantzirik hor nengoela ironisatu zuenetik zeregin(erraz)etik eskapatzeko: «Ezinezkoa. Guk (EAEkoek) hirugarren belaunaldiko telefonoa daukagu, Iruneakoek bigarrenekoa eta Iparraldean lehenekoa». Geroztik badakit nihaurrek egunero dudala ahalegindu behar, sekulan ez utzi hautetsien gain.

Izan ere, nazio eraikuntza jorra daiteke alde politikotik, administratibotik, azken urteetan egin ohi den bezala, baina nagusiki beste mila moldez, pertsonalki, kolektiboki. Eta hor nekezia nagusi da, bitxiki, proiektuak garatzeko, elkar ezagutzeko, ondoko herrira joateko, elkarri ulertzeko, gure izpirituen mugak gainditzeko.

Hauteskundeek emanen dutena goaitatu gabe, nahikeria duenak egin beza, lehenik, ataritik, gauza txikiak, konkretuak. Ez elkarri ikasgaiak emanez, ez paternalismoz, ez errukiz. Ez. Motibaturik, kementsu, esku zabal, huts egiteaz beldurrik gabe, ibiliz, joanez besteengana, kuriosak izanez. Hots ikuspegia zabal eta ekin, guziek irabaztekorik baitugu besteenganik, goiti beherakoan ez baita deus iraunkor jiten.

Politikarien beha egon beharrean, gaurdanik bihur baititzakegu, mugak zubi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.