Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Momiaren irudia

2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Aste honetan komunikabideetan Egiptoko momia baten azterketaren ingurukoak ikusi izanak ekarri dit gaurkoa idazteko arrazoia. Ez naiz berri horretan sartuko, baina bai teknologia berrien garapenak izan duen garrantzian. Punta-puntako eskanerrak erabiliz momiari buruzko informazio oso baliotsua lortu dute, eta hieroglifikoetan dauden irudiekin alderatuz, momiaren nortasuna egiaztatu omen dute. Teknologia aurreratuenek oinarrizko zientzian dute haien jatorria. Eskanerrak asko garatu badira ere, jatorrian dauden X izpiak aspaldi ezagutu ziren, XIX. mendearen bukaeran, hain zuzen ere. Eta aurkitzaileak, Röntgen fisikariak, izpi «ezezagunak» deitu zituen: horregatik X hizkia. Beharbada, esperimentuetan ari zenean, ez zebilen izpi batzuen atzetik, eta aurkitu zituenean ere ez zuen usteko gerora izan duten garapena.

Eta antzeko ideia etorri zait Asturiasko Printzesa Ikerketa saridunak nor diren ikusi dudanean:grabitazio-uhinak detektatu dituzten fisikariak, hain zuzen ere. Gaurko teknologiak uhin horiek detektatzeko aukera eman digu, baina duela ehun urte Albert Einsteinek uhin horiek bazirela edo egon behar zutela aurreikusi zuen.

Inguratzen gaituzten etxetresna elektriko, telefono, konputagailu, auto, jostailu, osasun-diagnosirako teknikak... Une batean laborategi ilun batean egindako oinarrizko hainbat aurkikuntzatan oinarritzen dira. Gure gizartea asko arduratzen da ikerketan erabiltzen den diru publikoa ongi erabilia izateaz. Badirudi ikertzen den orok «zerbaitetarako» balio behar duela, eta berehalako aplikazio praktikoa izan behar duela. Eta hori ongi dago, baina gizarteak eskatzen duen bat-batekotasuna ez da ona. Epe luzeagora begiratu behar da. Gaur egungo aplikazio asko duela mende bateko oinarrizko zientziari esker daude gure artean. Eta diru publikoarekin egindako ikerketari kontuak eskatzea ongi dago, ezin da dirua alferrik xahutu. Baina askotan gure agintariak ez dira ohartzen ikerketan «gastatutako» dirua inbertsiorik onena dela, eta ondorioak haien agintaldian ikusten ez badituzte ere, gizarteak lehenago edo beranduago jasoko duela inbertitutakoaren ordaina. Eta hori guztia zientzialari askoren jakin-minari zor zaio, gauzak ulertzeko gogoari, espiritu kritikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.