enekoitz esnaola
ANALISIA

Momentu politikoa

2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
Urkulluk mezu bat bidali zion Masi irailaren 28an, Kataluniako bozen biharamunean, eta El Correo-ko kazetariak galdetu zion gaur zortziko elkarrizketan: «Zoriondu al zenuen emaitzarengatik?». Urkulluren erantzuna: «Ez, aitortu nion, eta opatu, bera izan dadila presidentea». 2011ko azaroaren 20a, Espainiako hauteskundeak. Gau hartan, Sabin Etxean dozenaka jeltzaleren aurrean, Urkullu EBBko presidenteak: «Lehenengo eta behin, Alderdi Popularra eta Mariano Rajoy zoriontzen ditugu, hauteskunde hauetan lortutako garaipenagatik». Beraz, zorionik ez Mas katalan subiranistari, zorionak Rajoy espainiar unionistari. Estrategia baten seinale da. Jaurlaritzak eta EBBk ez dute Kataluniako bidea gustuko, eta, haien arabera, hurrengo belaunaldi batentzako EAEko estatutu berria izatekotan Espainiako Gobernuarekin negoziatuta izango da, betiere hausturaren aukera baztertuta.

Arraizek duela urtebete aipatu zuen Urkullu lehendakariak iragarri ziola Madrilekiko eskaera fasea ez dela «indefinitua» izango, baina gaur-gaurkoz ez dirudi EAJk aldebakartasunari edo antzeko zerbaiti helduko liokeenik. Estatuko indar harremanak noiz aldatuko legoke. Gainera, PSErekin duen itunarekin, orain gobernabidea ziurtatua luke epe motzerako, beste lauzpabost urterako. Ortuzarren esanetan, beren marra gorria kontzertu ekonomikoa da, estatuarekiko «lotura puntutzat» jota; «hausten bada, dena hautsiko da». Horra heldu aurretik baleudeke negoziazioak.

Urkulluk Moncloa du buruan —PP edo PSOE—, eta beste guztiak enbarazu bezala egiten dio. Adierazgarria da Mas ez zoriontzea, ezker abertzaleaz ezer jakin nahi ez izatea bezala. Sarri saiatu izan da hura terminologikoki ere deskalifikatzen, eta antologikoa da erabilitako zerrenda: 'ezker abertzalea' —bai, kakotx artean—, ezker erradikal abertzalea, ezker erradikala, ezker abertzale deitua, ezker abertzale deritzona, ezker abertzale tradizionala deritzona, ezker abertzale historikoa deritzona, ezker abertzale ez-emantzipatua, ezker abertzale tutelatua, I.A., politikan jardun nahi duen ezker abertzalea edota Batasuna legez kanporatu-ezker abertzale ez-emantzipatua. Ustez agortuxe zela, behin bota zuen bere blogean ezker abertzaleari buruz: «…edo nahi duzuen bezala deitu».

Izendapenetan imajinazioa behintzat baduela erakutsi du Urkulluk. Orain atera du azkeneko pieza: «Foru nazioa». Terminoa ezin da txantxetan hartu. Kontzeptuekin ere estatua «limurtu» nahian, Imazek 2007an Kontzertu Politikoa-ren ideia atera zuen, eta EBBk orain gutxira arte erabili du, Ortuzarrek iazko uztailean Madrilgo hitzaldi batean ere aitatu baitzuen; «kontzertu ekonomikoaren eredua esparru politikora» eramateaz aritu zen. Hortik doa Urkullu foru nazioa-rekin, estatuarekin adostasunak aurkitu asmoz. Mendiak, udan, BERRIAko elkarrizketa batean, EAE subjektu politikotzat hartzea eta erabakitzeko eskubidea ukatu ondoren, azaldu zuen EAJrekin akordiorako aukera «nazio kontzeptuaren inguruan» dagoela.

«Borondatezko bat egiteaz ari naiz», adierazi zuen Urkulluk aipatutako elkarrizketan. Zehatzago: «Egin dadila galdera euskal herritarrek Espainiako Estatura bat eginda segitu nahi duten, ez independizatu nahi dugun». Emantzipaziorik ez. Halaber, deigarria izan zen ezein aldaketatarako «oinarritzat» hartzea Espainiako Konstituzioak lehen xedapen gehigarrian «lurralde forudunak» aipatu izana. Herrero de Miñon esana da —eta honek Euskal Herrirako ere balio du— estatuak Katalunia nazio gisa aitortu beharko lukeela, baina integraziorako eskaintza bat proposatuta. Hortik gertu dabil EAJ. Ordea, oraingoz, PP eta PSOE ezezko irmoan dira, eta erresuman ez da alternatiba usainik.

Aztertzekoa izango da EH Bilduren estrategia ere. Euskal Bidean dio euskal estatua sortzeko prozesu eratzailean «epe motzeko» pauso modura egin beharko litzatekeela EAEko estatus politiko berria ere. Galdera da zein den horretarako garairik egokiena. Tokatuko zaio prozesua zaintzea, baina EAJ dagoen bezala egonda eta koalizioak berak EAEko instituzioetan oraindik lagun berririk ez duela, EH Bildurentzat arriskurik izan dezake estatutua berritzeko lanetan buru-belarri hasteak, gerora begira barne. Izan ere, EAJ ez dago soilik Jaurlaritzan, diputazioetan edo hiriburuetako alkatetzetan; haren itzala handia da, administrazioan ez ezik, gizarte boterean: unibertsitateetan, enpresetan, kooperatibetan, merkataritza ganberetan, gizarteko hainbat fundazio eta erakundetan, kirol federazioetan... Estatutu politiko bat garatzeko funtsezko egiturak dira.

Ezin jakin EAEko itun berriaren eztabaidak eta prozedurak zer abiadura hartuko duten, baina bitartean aterako da Otegi kartzelatik —Sortuko idazkari nagusi hautatua da—; Euskal Herria eginez joateko bertako lurraldeen lankidetza sustatzeko aukera berriak sortu ahal dira; berandu baino lehen, eta alde batetik behintzat, gatazkaren ondorioak ixteko unea iritsi ahal da; Nafarroan aldaketa sendotuz joan daiteke —EH Bilduk ere 2019ko bozak ikusmiran izanik—... Presazko agerraldirik eskatzen ez duen momentu politikoa da. Eta, Kataluniakoaren aldean, prozesuak beherago dauka abiapuntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.