Beatriz Zabalondo.
IRITZIA

Miraz

2020ko abuztuaren 1a
00:59
Entzun

Urte asko dira behinola entzutez eta liburu-kazetetatik ezagutu genuen gizon hura lehenengoz aurrez aurre ikusi nuena. Laurogeita hamabia izango zen, Jakin-eko bulegoarekin partekatzen genuen korridore hartan. Atzera-aurrerako batean; hura honantz eta ni harantz, edo alderantziz. Agur soil bat besterik ez. Nire bizitzako egutegian ez dago egun seinalaturik horretarako. Hantxe izan zela. Mira nion euskaraz hain ederki egiten zuelako, nola ahozkoan hala idatzian. Ideia interesgarri eta niretzat berri haiek era lau ulergarri errazean adierazteko gauza izateagatik nion mira. Nik aditzeko hizkeran. Edonork gozatzeko eran.

Aurreko urteetan Egunkaria-ren proiektuko «kide» izanagatik, ez genuen elkar ezagutu. Joan Mari makineria bururatzen eta gu tresna txiki bati eragiten ari ginen eta. Ikasten. Ahal genuentxoa ematen.

Egunkaria-ren lehen urteetan ikasten, eta, ondokoetan, pasilloaren ilunpea zeharkatu eta gure txokora hurbiltzen zenean, Paulorekin edo Andorekin hitz egitera, gu belarriak erne: ikasten orduan ere. Zuzeneko harremanik ez artean. Erreferentzialtasuna. Mira nion idazle sasoiko hari. Beti lan eta lan ari zen hari. Zer proiektu ezinbestekotzat hain garbi zeukan intelektual hari. Begira egon barik, egin egiten zuen behargin hari. Herriaren laguntza eta bermeari hainbesteko fedea zionari. Hala ikusten nuen nik sasoi haietan.

Handik urte batzuetara bildu ginen bigarrenez Egunkaria-ra, eta han jarraitzen zuen Joan Marik. Makineria ordurako dezente hobetuta eta olioztatuta ari zen. Martxa oso onean ziharduen; euskarazko kazetaritzaren habe nagusiak kokatua eta finkatua zirudien. Eta horrekin amets garrantzitsuenetako bat osatua eta betea ikusi zuen. Ziur naiz.

Ondotik etorri zen ankerkeriaren lekukotasun neurrigabea jaso zuen, bere larruan. Ez daukat ahazteko Joan Mariren saminaren tamaina Jakin-eko bere bizi guztiko lana izan zenaz biluztu zutenean, eskuetatik kendu ziotenean, ezer gabe utzi zutenean. Betiko iltzatuta geratu zitzaizkion hori eta gau malapartatu hartan agur esatean etxekoen begiratua. Barrua erre zioten.

Joan Marik utzi diguna ezin da neurtu. Bere legatua lan, idatzi eta izendapen-omenaldietatik harago doa. Bizitza kulturan uztartu eta kultura bizitzari lotzeko mira eman digu. Eta euskarazko kazeta batean sinesteko indarra. BERRIAren esker ona bera dagoen tokiraino iritsiko da, gaur eta betiko.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.