ANALISIA

Mikropolitiken botere biguna

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Euskaraldia sinboloz beteriko ekitaldia da. Sintomatikoa ere bai. Ahoak eta belarriak, bereizirik eta bakarturik, gorputzik gabe irudikaturik, gabezia eta osatu beharra iradokitzen didate. Horretarako omen dira, euskara osa dezagun akuilu. Gorputz bat nola egin asmatu nahian dabiltzan bi organo horiek euskaldun askoren egoera eta izaeraren sinbolo iruditzen zaizkit. Gure aho biziaren ordainean, belarri prest eta presturik gabe, mutur oker eta marmar zatarra aurkitzen ditugun euskaldunon egoera, gure belarri prestetara aho bizien musurik jaso beharrean euskaldun norekin aritu eta norekin izan nekez aurkitzen dugunon sinboloa. Denona, ote?

Hitza aho-belarri katean egiten den bezala, aho-belarriek gorputz soziala behar dute. Esateak eta aditzeak, biek, sortzen dute hitza, nola? Nola gorputzik gabe? Berriketan zenbait datu soziolinguistiko jaso ditugu. Zalantza handiak ditut erabili diren kategoriekin eta metodologiekin, baina, hala ere, uste dut joera soziolinguistiko nagusien isla zuzena eman digutela. Berria ez izanagatik ere, bistan dugu euskara gorputz sozial trinkoa galtzen ari dela. Badira, oraindik ere, euskarak betetzen dituen kaleak, plazak, lantegiak… Holakoetan aho-belarriak ez dabiltza bakarka, gorputz soziala dute oraindino. Baina joera soziologikoek erakusten digute gero eta arruntagoak izango direla aho-belarri urratuak eta banakatuak. Eta gero eta nahasiagoak, azalekoagoak eta prekarioagoak, izango direla noiz edo noiz gertatuko diren euskararen gorpuzteak.

Bizilegeak hartara jo du, nonbait. Ez da harritzekoa euskaraz bizi nahi dutenen azken ekimen militantea pantailen auzia izatea, ezta makinen mintzaeraz hazten ari den ardura arineketan hedatzea ere. Biak dira gorputz sozial zatikatu eta saretu baten erakusle. Esango nuke euskararen gaurko egoerak etorkizun sozial orokorra iragartzen digula. Aurreratuta dugu ordulari soziologikoa. Eta aurreratuta ditugu etorkizun horri aurre egiteko nahiak eta ekimenak.

Euskaraldia, beharbada, bizitza komunaren erreakzio eta proakzio askoren prefigurazioa da. Ekimen eredu horien ahuldadearena ere bai. Mugak, uste dut, denok ikusten ditugu: norberaren jarrera eta fair play linguistikoan oinarritzea, berariazko akordio-keinuak behar izatea, esperimentu iragankorrak edo ariketa mugatua eta behartua izatea eta abar. Ahalmenak ere begi-bistakoak: herri-eragintzaren adierazpena izatea, berrikuntza soziala esperimentatzea, harreman berriak sortzea, euskara erdal gune askotan agerraraztea...

Euskaraldiari esker, gozatu eta gihartu ahal dugu euskararen jendartekotasuna, ez da gutxi. Euskal aho-belarriek, hala ere, txapetako ikurren, aurrez prestatutako erosotasunen edota adeitasun keinu eta zeinuen bitartekaritzaz gain, beste bitartekari eta topagune asko behar dituzte: pantailak, leihatila ofizialak, euskalduntzearen doakotasun osoa, lege berriak edota aurrekontu duinak, adibidez. Agian, ondo asmatuz gero, Euskaraldiaren mikropolitiken botere bigunak eragingo ditu behar ditugun makropolitiken euskaraldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.