Petra Elser.
IRITZIA

Migratzaileak eta Euskaraldia

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Euskararen gaia, migratzaileei dagokienez, ez da funtsean desberdina, gizarte osoarekin alderatuta. Azkenean, gakoa da nola ikusten dugun hizkuntza, zertarako erabili nahi dugun, zein hizkuntzatan nahi dugun bizi.

Gizartearen hizkuntza delako —Europako gizarte moderno bateko hizkuntza— euskaraz bizi denak, automatikoki euskaraz egingo du topo egiten duen pertsonekin, azal-kolorea edozein dutela ere. Solaskideak ulertzen ez dionean, horrelakoetan ohi denez, keinu eta zeinu bidez saiatuko da ulertarazten.

Europako gizarteak dagoeneko ez dira etnikoki autoktonoak, eta ez dira berriro horrela izango. Hala ere, lurralde edo nazio baten kultura eta hizkuntza konpartitzen eta bilakatzen dugu guztion artean.

Guztion lana eta ardura da nazio horren balioak definitzea, balio duena aurrera eramatea, eta balio ez duten ohiturak eta jarrerak aldatzea: pertsonak eta kolektiboak zapaltzen dituztenak eta justizia bermatzen ez dutenak.

Hori guztia egiteko, hizkuntza komun bat behar dugu —hizkuntza komun bat, batzuentzat hizkuntza nagusia dena eta beste batzuentzat «zubi-hizkuntza»—, hau da, bizitza publikoaren edo bizitza sozialaren hizkuntza, bere bizitza pribatuan beste hizkuntza bat dutelako: arabiera, gaztelania, ingelesa, nepalera...

Baina argi dago gaur egun ez dela hori euskararen panorama. Gaur egun, hizkuntza komuna gaztelania da. Jende gehienei, euskaltzale edo euskaldun kontzienteei ere bai, guztiz normala iruditzen zaie etorkinek lehenengo hizkuntza gisa gaztelania ikastea; are gehiago, euskaldunek parte hartzen dute etorkinek gaztelania lehen hizkuntza gisa ikasteko egitasmoetan, eta antolatu ere antolatzen dituzte.

Horren atzean ideia edo jarrera batzuk daude: «Gizajoek nahikoa dute gaztelaniarekin; seme-alabek ikasiko dute; nola eskatu beraiei euskara, guk hitz egiten ez dugun bitartean...».

Eta bai, hor dago gakoa. Baina ez «guk hitz egiten ez dugun bitartean», baizik eta guk sinisten ez dugun bitartean. Guk ez baditugu estrategiak sortzen epe jakin batzuetan euskara gure gizartearen hizkuntza komuna izateko, bitxia dirudi etorkinei edo edozeini euskara erabiltzeko eskatzea. Gaur egun ikasleekin ikusten den bezala, etorkin helduekin ere ikus daiteke: euskararen aldeko diskurtsoa kontraproduzentea da gizarteak ez badu benetako ibilbiderik eskaintzen: euskarazko formakuntzak (akademikoak eta ez-akademikoak) eta euskaraz funtzionatzen duten lanpostuak —eta noski, hizkuntza eskakizunik gabe—.

Munduko egoera ekonomikoa aldatzen ez den bitartean, migrazioa gertatuko da, eta hori guretzat aberastasuna da. Migratzaileak irekiak daude kultura eta hizkuntza berri bat ezagutzeko, horiek aukerak eskaintzen badizkiote eta beren kultura eta hizkuntza propioa ere baloratzen bada. Migratzaileak aukera bat dira euskal komunitatearentzat, hiztun berriak eta munduko kultur aniztasunak euskaraz bizitzeko, hizkuntza eta kultura guztiak etengabeko bilakaera batean. Ziur aski, pertsona helduen artean etorkinak dira orain bertan Euskal Herrian euskara ikasteko prestasun handiena daukatenak.

Baina, horretarako, neurri zehatzak behar dira, epe luzeko eta epe ertaineko estrategiak atzean dituztela, lurralde bakoitzari egokituta. Hasteko, eta estrategia horiek bilakatzeko, euskaldun komunitateak, euskalgintzak eta euskal klase politikoak serio hartu behar dute migrazioaren arloa hizkuntza politikan, beste edozein arlo bezala.

Ondorioz, etorkinen integrazio-ibilbide linguistikoak lagunduta egon behar du, Helduen Hezkuntzan lehen hizkuntza euskara ikasten dutenetatik hasita, eta gero lanpostuak euskara lehen hizkuntza duten enpresa eta enplegatzaile eskaintzen dutenean, eta bizitza profesional eta pertsonalean laguntza linguistikoa edukitzen dutenean.

Hau da, hizkuntza ikastea ez da bukatzen norberak lanpostu bat aurkitu duenean, baizik eta hizkuntza coaching edo laguntza jarraitu egin behar da, pertsona batek horren beharra duen bitartean —lanpostuan, familian (seme-alabentzako eskolako laguntza, adibidez) edo bizitza sozialean, aisialdian etorkinen parte-hartzea bereziki zainduz eta oztopo linguistikoak kontzienteki kenduz—.

Horrelako politikak ez ditut nik asmatu, Europako hainbat hizkuntza komunitatetan existitzen dira, Islandian adibidez.

Komunitate txikiek aukera gehiago eskaintzen dizkigute politika egokiak sortzeko. Horretarako bisio estrategikoa, ausardia eta baliabideak behar ditugu. Eta guk sinestea.

Hamaika abiapuntu, euskara topaleku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.