ETAren jardun armatuaren amaiera. Iritzia

Mezu 'zaharketuak' egurasteko ordua

Bixente Serrano Izko.
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Egun handia, dudarik ez, 2011.eko urriak 20, Euskal Herriarentzat. Arratsaldez, 19:00etan, jakinarazi ziguten hedabideek (ia) denok une batetik bertzera espero genuena: ETAren agiria, oraingoa bai sinesgarria. Ez nuen egin, bada, igarlearena, egun hori hasierarekin batera, goizeko ordu batean aldera, nire blogean honako aforismo hau idatzi nuenean: «Armen sua itzalirik, ketan joan behar oraindik kezko hesiek». Itzaltzat eman nuen nik, bada, armen sua, ETAk berak baino 18 ordu lehenago. Bistan da, zeru goibel trinkoaren pean trumoiak hastean ekaitza igartzen dugunean bezain merituzkoa izan zen nirea, inolako dominarik eskatzeko modukoa ez dena. Eta, izan ere, aforismoaren lehen zati hori ez zen hausnarketaren funtsa, bigarrena baizik: zer gelditzen zaigun oraindik ere, suaren ondare gisa, etxeko lan gisa, aro politiko berri batean zentzudun sartuko bagara.

Hilabete batzuk duela nire hausnarketei bereak, aberatsak, irudimentsuak eta zinez eskertzekoak erantsi ohi dizkien batek, Koxme izena ibiltzen duenak, iruzkin polit hau egin zidan goiz berean, 09:30 aldera: «Ke asko saldu digute suaren aitzakian bai! Eta, orain, jakina, saltzaileak krisian...». Arrazoi. Ados. Baina norabide bakarreko irakurketa egin bide zion aforismoari. Eta badago bertze norabideko irakurketarik, guregana, euskaldunonganako ibilbidekoa.

Bide politiko hutsei jarraitzeko aukera berriak hasten zaizkigula eta antzeko mezuak irakurri eta entzuten ari gara etengabe gure artean, azken ordu hauetan. Ederki, bikain, aukera berriena. Baina berriak, bide politikoek ere izan behar berriak, berriztatzaileak, gure aldetik. Horrelako irakurketa egin nahi diot nik «ketan joan behar oraindik suzko hesiek» perpaus horri. Armek utzi dizkiguten keak ere, kultura politiko zaharketua, militarismoaz gain bertze kutsu zahar ketuak dituena, egurastu behar dugu guk geuk.

Adibidez, Euskal Herriari buruzko gure irudikapena berriztatu beharra: gure herria bloke monolitiko bat izanen balitz bezala ikusteko joerari utzi behar, horren barnean dugun gizarte konplexuari erreparatzen hasi behar, begi zorrotzagoekin. Gizarte konplexu horrek izan behar du hitza, eta eragile politiko abertzaleek hitz horiek entzuteko eta ulertzeko, eta horren arabera, mezu berriak, diskurtso berriak, jende gehiagorengana hedatzeko gauzago izan behar dute. Gizarte konplexua, mapa kultural, politiko eta geografiko anitzetakoa atzemateko gauzago izanen bagara, ketan joan behar oraindik armen suak guregan altxaturiko kezko hesiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.