Bihar bozak izango dituzte Espainiak administratutako lurraldeetan. Garaileak betikoak izango dira: subiranista espainiarrak. Oraingo honetan, baina, alderdi subiranista urdinak irabaziko du, itxura guztiaren arabera. Ez dio ardura. Hegoaldeko metropoliko gobernuetan subiranista espainiarrak egongo dira beti.
Horren kontra ez dago asko egiterik, subiranismoa eta independentismo arduratsua aldarrikatzea ez bada. Subiranista naiz, uste dudalako XXI. mendean inor ez dugula behartu behar inorekin bizitzera, lehenago harekin bizi nahi ote duen galdetu gabe. Uste dudalako garai hauetan dibortzio politikoak modu zibilizatuan gauza daitezkeela. Independentista arduratsua naiz, badakidalako erabateko independentzia oso zaila dela egun. Badakit nahi adina arrazoi historiko, kultural, sozial eta ekonomiko argudia daitezkeela independentziaren alde, baita kontra ere. Egia esan, horrek guztiak ez dit ardura. Ez dut antzinako erresuma bat amets, ezta Albaniako konkista ere.
Independentismo arduratsua aldarrikatzen dut arrazoi xinple batengatik: uste dudalako nire kolektibitateak —edo kasualitate demografiko hutsaren ondorioz munduan kokatzen nauen herriak— beste herriek adina eskubide eta ahalbide izan behar dituela hemen bizi garen guztion arteko bizikidetzaren oinarriak finkatzeko. Uste dudalako euskaldunok espainiarrek eta frantsesek beste eskubiderik dugula horretan asmatu edo huts egiteko. Zuzentasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzen saiatzeko, herritar guztiak eskubidez eta betebeharrez berdintasunean biziko direna. Guztiak. Goizeko hiruretan edozein musika ozenek molestatzen nau lo nagoenean, berdin dio musika hori bachata edo trikitia izan. Uste dut hemengoak izateak ez digula ematen hemengoa ez denari baino eskubide gehiago zarata egiteko. Denok gara berdinak, hemengoa ez den hori, hemen dagoenetik, hemengoa ere badelako.
Ez dut sinesten metropoliko herritar progre askoren ez-nazionalismoan. Bai, haietako batzuek Londres ezagutu eta maite dute, oso cool dira, yeahhh baby, baina aukera balute, botoa ez liokete Erresuma Batuko Alderdi Laboristari edo Alderdi Kontserbadoreari emango. Espainiako Alderdi Sozialistaren edo Alderdi Popularraren alde bozkatzen segituko lukete, hots, subiranotasuna soilik herri espainiarrean datzala defendatzen dutenen alde. Ez naiz fio horiek esaten dutenean ez direla nazionalistak. Sor dezatela Espainian alderdi politiko bat, munduko herri guztiak muga, pasaporte eta inposiziorik gabe berdintasunean bizitzea proposatzen duena. Neurea izango da haien aldeko lehen botoa. Baina utopia hori gauzatu artean aukera izan nahi dut, beraiek bezalaxe, mugak, pasaportea eta besterik izateko, inolako konplexurik gabe. Badago kosmopolita, internazionalista eta solidarioa izatea Gaztelu plazatik edo San Andres plazatik, Puerta del Sol edo Bastillaraino joan gabe.
Alemaniak lortu duenaz harro badagoen galdetuz gero, baietz erantzungo zuela esan zuen, duela gutxi, bertako presidente ohi Johannes Rauk. «Baina alemaniarra izateaz harro ote nagoen beste galdera bat da», azaldu zuen. Harro? Zertaz? Bizitzaren loteriak leku ustez txukun batean jaiotzea oparitu zizulako? Izatekotan, esker onekoa. Ni ez nago bereziki harro euskalduna izateaz, baina ez naiz lotsatu ere egiten—ez genuen besterik behar!—. Munduan zehar sorterria zein dudan galdetu didatenean euskalduna naizela esan dut, paparra atera gabe, baina kikildu egin gabe, tartean arrisku edo mehatxurik sumatu ez badut. Izan ere, ez naiz heroia, ez naiz martiria. Batzuetan, gizaki adoretsua naiz; beste batzuetan, koldarra. Gizakiak ulertzen saiatzen naiz eta, ahal dela, maitatzen, zenbaitetan zaila bada ere. Euskal Herrian eta munduan. Munduan eta Euskal Herrian.
Darwin eta gu
Metropoliko kosmopolitak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu