Karta euskara hutsez zegoelako kexatu da bezeroa, TripAdvisor webgunera bidalitako mezuan: «Jatetxeari ez dizkiogu bost izar ipiniko, menua ez baitzuen gaztelaniaz. Adiskide batzuen laguntzari esker plater bakoitza zer zen jakiteko aukera izan genuen. Eta modu horretan izanik ere, zaila izaten da hautatzea aurrean menu ulergarri bat izan gabe».
Errespetu falta, antza. Zenbat jatetxe egongo dira Gipuzkoan—edo Euskal Herri osoan— menu bakar bat dutenak, euskara hutsez, beste aukera linguistikorik gabe? Ez dut uste asko izango direnik. Aldiz, zenbat taberna ditugu jatekoa soilik erdara hutsez aurkezten dutenak? Areago —eta larriagoa, nire ustez—: zenbat jatetxe daude informazio hori bi, hiru edo lau hizkuntzatan dutenak, euskararen arrastorik gabe? Errespetua? Jatetxe horietan karta hartu baino lehenago zer menu linguistiko duten galdetuko bagenio jabeari edo zerbitzariari, ez luke ulertu ere egingo. Gero, nonbaiten menua soilik berea ez den hizkuntza batean ikusi eta kexaka hasiko da. Mintzaira hori «erregionala» baldin bada, noski. Guk erdaraz dakigu. Beraz, karta erdaraz hartu eta ez bazterrak nahastu.
Berezko hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposameneko zazpi puntutatik hiru onartu dituzte Espainian. Zerbait da, bai, baina ez da lan erraza izango ildo horretan gehiago sakontzea. Hortik aurrera, ez egin ametsik. Espainia halakoxea da. Nazio-aniztasuna, kultura-aniztasuna? Katalan bati gertatu zitzaiona azaldu didate. Madrilera lanera joan, eta enpresak berriz bataiatu zuen harreman profesionaletan banatzeko prestatu zion txartelean. Arrazoia: Jaime izena Jaume baino egokiagoa ei da Espainiako hiriburuan. Enpresa berean ziharduen neska euskaldun bat ere mareatzen ibili ziren, haren izenak zer itzulpen duen galdezka. Maria edo Mari Carmen deitzen zioten, euskal izenak itzulpenik ez zuen eta. Eta Jaimek zer itzulpen du, bada?
Halaxe gabiltza. Eta gero, Euskal Herrira etorri eta menua soilik euskaraz dagoelako haserre. Errespetua? Norena? Norekikoa? Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari espainiarrak espainieraren aldeko nazionalismo linguistikoa salatu du behin baino gehiagotan. Haren ustez, hizkuntza minorizatuek errespetua galdu behar diote hizkuntza nagusiari. Bestela, akabo.
Zenbat euskaldunek kendu diote puntuazioa jatetxe bati Tripadvisor-en, karta euskaraz ez zuelako? Hain menpeko gaituzte, otzantasuna hain dugu barneratua, non ez duten makila atera behar. Izan ere, menua euskaraz ez, baina beste zenbait hizkuntzatan ikusi eta jatetxetik irteten bada euskalduna, ia fanatiko integristatzat jotzen dugu. Ez soilik erdaldun elebakarrek, horixe da tristeena. Berdin hizkuntzaren erabilera arlo horretan arautzen saiatzen bagara, munduan edozein estatuk eta gobernuk egiten dutena. Guk borondatearen alde egin behar dugu beti. Jendea seduzitu, limurtu, gozatu. Xarmatu. Horrela segi, apurka-apurka. Pazientzia behar omen dugu. Pazientzia? Pazientzia berdea zen eta astoak jan zuen.
Ondo omen goaz euskararen normalizazioan. Rudolf Ortega hizkuntzalari katalanak argi azaldu du Una llengua postnormal artikuluan. Katalanak ez du oraindik normaltasuna lortu eta orain, post-normaltasunean, hamaika hizkuntza ditu aurrean. Ortegaren ustez, Londresen munduko zoko guztietako kulturak eta mintzairak bizi dira, baina ingelesa da berezko hizkuntza hegemonikoa. Bartzelonan —eta Bilbon edo Donostian— ez da halakorik gertatzen, 500 milioi hiztun baino gehiago dituen hizkuntza batek rol hegemonikoa izatea eragozten dielako katalanari eta euskarari.
Europako Legebiltzarrak asteartean immunitatea kendu eta gero kazetarien aurrean agertu ziren Toni Comin, Clara Ponsati eta Carles Puigdemont. Bruselan zegoen kazetari bat katalanez hasi zitzaion Ponsatiri, eta jarraian gaztelaniari lotu: «Espainieraz segituko dut nire lagunekiko errespetuagatik». Eta Ponsatiren erantzuna: «Nik katalanez erantzungo dut nire lagunekiko errespetuagatik».
DARWIN ETA GU
Menua, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu