2003an lekukoa eskuan Korrikaren hastea tokatu zitzaidan Euskaltzaindiaren izenean. Ohore handia naski eta beraz araberako zirrara! Apirilaren lauan, ostirala, arrastiri eguzkitsua genuen. Lextarre zolako enparantza erraldoitik abiatu beharrak ginen, Allées de la Soule pilota plazako kioskotik. Azken hitzaldi eta prestaketak zinez luzeak iduritu zitzaizkidan. Ordainez bista zoragarria gozatzen nuen plaza ingurura—hiriko tokirik ederrena da erdigune hori—, Mauleko kukula den gaztelu zaharrera, hurbileko mendi tontorretara, Arabailako kasko urdinetara.
Talde polita plazan behera bultatu ginen, AEK-ko Jakes Bortairu neurri emaile genuela. Laster Ühaitzari ezker aldetik jarraikiz, kilometro erdia korritu genuen Saint François d'Assise ikastetxe katolikoari buruz dabilan zubiraino. Hor ibaia gaindituz, Mauleko partean sartu ginen, eta uraren eskuin aldetik hastapeneko ibilbidearen ifrentzuzkoa bete Victor Hugo karrikaren, euskaraz Peko arrüaren bururantz: hor bukatu zitzaizkidan protagonismoa eta lana: aski lan azkenera nire adineko, baina plazer handia lagunen erdian.
Korrikaren hastapena baizik ez zen, aurrera joan zitzaigun Nafarroa Behererantz, eta, zazpi lurralde historikoak zeharkatuz, kilometro meta bat korritu ondoren Iruñean bukatu beharra zen. Amaiera hamar bat egunen buruan zuen, eta ongietorriaren egitera joan nintzaion emaztearekin eta Baionako Hiriart bikote adiskidearekin. Apirilaren hamabia zen, igandea, eguraldi zoragarria. Jende oste baten erdian, lasterka zetorren beste ostearen zain jarri ginen Foruen monumentuko harmaila gorenetan. Nafarroa zinez euskararen aldeko misiogunea zen, orduko agintariek «lingua navarrorum» horri bizkarra ematen baitzioten, eta gertakizunak are distira handiagoa hartu zuen. Korrikako azken urratsak harrigarriko giroan egin ziren.
Azken kilometroan denen gidari, lekukoa gora ibili zen Martxelo Otamendi, Egunkaria kazeta debekatuko zuzendaria, presondegitik berriki ateraia. Lehenbiziko goresleen ondotik, zorionen ematera hurbildu nintzaion eta, kirol partida baten bukaeran bezala, Korrikako atorra motzak trukatu genituen. Horrela, Martxelok lehen zenbakia du, eta nik azkena. Ezin ezkuta dezaket Korrika horretako nire parte hartze xumeaz fier eta bugoi naizela, bereziki sinboloen aldetik, Zuberoak eta Nafarroak historian barna dituzten harreman handiak beti gogoan.
20. Korrika. NIRE LEKUKOA
Mauletik Iruñera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu