Ez da harritzekoa izan EAJk eta PSE-EEk gobernu ituna egitea. Beste itun bat izan da, baina EAEn zirkulua itxi duena da.1987-1998an Jaurlaritzan-etakoalizioan egon ondoren, hamabost urteko desenkontru bat izan zuten —Lizarra-Garazi, eta Juan Jose Ibarretxeren garaiko estatutu berria eta Kontsulta Legea—, baina 2013ko irailean «Euskadiren egonkortasunerako» akordioa sinatu zuten —63 orrialdekoa; ia gobernu itun honek adina—. Besarkada berriro. Geroztik, EAJ seguruago egon da Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuak eta legeak onartuz, Etxebizitza Legea EH Bilduk, PSEk eta UPDk atera zuten arren aurrera. EAJk eta PSEk sendotu egin zuten lankidetza iazko udal eta foru bozetan, tokian-tokian gobernuak osatuta. Orain, erkidegokoa etorri da. Logika horretan, dena oso normala. Duela hiru urte abisatu zuten zer egitekoak ziren, ez atzo gauean, eta ezker subiranistasoziopolitikoa ez da gai izan alternatiba bat prestatzeko.
Egokiera erosoan dago EAJ: EAEn, egundoko botere instituzionalarekin, eta PSErekin, lasai; Nafarroan ere, gobernuan dago; eta, Madrilen, PPrekin hitz egiteko prestasun osoarekin, Rajoyk bere beharrik ere izango duelakoan aurrekontuetarako edo gauza jakinetarako. «Katalanek ez dute garbantzu bat ere disparatu eta ehunka ordezkari politiko auzipetu dituzte», zioen igandeko elkarrizketan Joseba Sarrionandiak. EAJk garbantzuak disparatu ez, horiek negoziatu egiten ditu, eta bere erara, ondo; eta saltzen daki. Enplegua eta ekonomia ditu lehentasun berriro. Bere terrenoan da. Eta Madrilekin estatusaz traturik ezin badu egin, egon egingo da, esperoan.
Pultsu soziala ondoen hartzen duen alderdia da, eta gizartearen antzik handiena duena. Gainera, gobernatzeko babesak behar baditu, erraz jartzen ditu besteak bere bueltan: 1987tik, garaiak garai, Jaurlaritzan bazkide izan ditu EE, PSE, EA eta EB, eta Lizarra-Garazin EHrekin itun programatikoa sinatu zuen. EAEn PPrekin ez beste denekin moldatu dagobernatzeko, baina Madrilen harekin ere konpondu izan da.
Unai Urruzuno EH Bilduko kideak esan du Eusko Legebiltzarraren osaera kontuan hartuta «zentralitate politikoa» dagokiela, eta «akordioetarako jokoa» sortuko dela. Ikusteko dago. Duela hilabete pasa, BERRIAn Antton Etxebeste kexu zen ezker abertzaleak «zentralitatea galdu» duelako azkeneko urteetan; «[alor nazionalean eta sozialean] espazioak libre utzi ditu». Funtsean Gipuzkoako instituzioetan, Bilduri ez zioten utzi partida jokatzen hainbat eragilek —politikoek, patronalek eta mediatikoek—, baina Helena Franco Ogasun diputatu ohiak azpimarra beste alde batean ere jarri berri du: «Gustatuko zitzaidakeen gehiago esperimentatzea, baina errealitatea da ez zegoela indar korrelaziorik horretarako». Oraindik ere ez dago, kasurako Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren artean bide bat urratzeko eta 2019an gehiengo berri batzuk sortzeko aukerak egon badaitezke ere.
EAEn EAJrena da zentroa,eta luzerako doa PSErekin duen aliantza. Gertakari handiak beharko lirateke taula astintzeko edo. Kataluniaren aldebakartasuna, muturreraino? ETArena?
Aurki hasiko da martxan Jaurlaritza berria, aurreko legealdiko programaren tankerako akordioa oinarri hartuta. 2012-2016an enplegua eta ekonomia, bakegintza eta autogobernua izan zituen ardatz Iñigo Urkulluk. Ez zuen askorik aurreratu, aintzat hartu behar den arren kanpoko faktoreak ere bazirela. Baina ardatz batzuetan aurrerabiderako estrategia ausart baten falta zen han nabarmenena. Gobernu itun hau aztertuta, badirudi bide berean abiatu dela EAJ. Eroso.
Gainera, nekez ikusiko da gobernukideen arteko pitzadurarik. Donostia 2016k presoen artelanei ezarritako zentsuran ikusi da: Markel Olano ahaldun nagusiak ere ez du erreparorik izan adierazteko ez dela zentsurarik egon. Izan ere, zergatik ireki arrakala?
ANALISIA
Luzerako doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu