Luze dirau, luzeegi. Bi urteak betetzera goaz pandemia dena hankaz gora jartzera etorri zenetik, eta osasun sistemako langileengan sortu dituen neke fisikoak eta emozionalak oso handiak dira. Bokazioz hautatutako lanbidea zalantzan jartzen dugu gero eta gehiagotan. Frustrazioa ere gero eta handiagoa da, denbora igaro ahala egoerak eta baldintzek hobera egin bainoago okerrera egiten baitute.
Pandemia ez den beste gai batzuez idazten saiatu naiz azkenaldian, osasungintzak gauza eder asko dituelako. Baina azken bi hilabeteak astunak izaten ari dira, zer pentsatu handia ematen dute egungo osasungintzaren egoerarekin eta etorkizunera etorriko denarekin.
Koronabirusaz kutsatutako pertsonen kopurua handia dela esan beharrik ez dago. Zorionez, gehiengoak sintoma arinekin pasatzen du. Baina kutsatutako pertsonen kopuruak gora egiteak gaitza sintoma larriekin pasatzen duten pertsonen agerpena dakar eta, aldi berean, ospitaleratutako pertsonen areagotzea.
Urgentziak egunero gainezka daude. Gainezka laborategiak ere etengabe eskatzen diren proben ondorioz. Koronabirusaz kutsatuta ospitaleratutako gaixo bakoitzarekin erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide materialak handiak dira, isolatutako gaixo bakoitzarekin hartu beharreko babes neurriak direla eta. Lehen mailako osasun arretak bizi duen kolapsoa, bestetik. Eta ezin ahaztu azken bi urteetan atzeratu diren kontsultak eta kirurgiak, hauen erritmoa ere berriz hartu behar baita.
Lan karga handitzeak une honetan osasun langileen sufrimendua handitzea dakar. Ez dago langile nahikorik, erretiratutako erizainek gogor dihardute lanean. Kutsatutako langileen bajak ere kubritu behar dira. Langileetako asko burn out sindromeak jota ziren lehenagotik ere: isolamenduak, gaixo kritikoak, eztabaida etikoak, babes indibidualerako ekipoek dakarten neke fisikoa... Denboran iraunez edonor akitzen duten aldagaiak dira. Sarritan lan egonkortasun duinik gabe ematen diren egoerak, luzarora klaudikazioa dakartenak.
Eztanda egitear dira osasun langile asko. Osasun sistema kolokan jartzen ari da egoera dela eta.
Koronabirusa berandu baino lehen igaro egingo da. Baina zer gertatutako da oinarrizko eskubide dugun osasun sistemarekin? Nola sostengatuko da hau? Zer gertatuko da gurekin?
Koronabirusa. PENTSALDIAN
Luze dirau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu