Maite Asensio Lozano.

Lurrean idatzirik geldituko da

2023ko abenduaren 1a
17:25
Entzun

«Ez naiz inoiz hain ados egon greba batekin». 07:30 ziren, euria ari zuen eta pipertu xamar zegoen kazetaria, Bilboko piketeen berri ematen. Ez da borroka sozialen oso alde agertzen diren horietako bat, baina greba feminista orokorra irmo defendatu zuen. Izan ere, zaintzaren auziak badu zerbait: mundu guztia ukitzen du, pertsona guztiek behar dutelako zainduak izan, baina, gainera, gutxi-asko pertsona guztiek daukatelako gogoan zaintzaren ondorioz bizimodua eten behar izan duten uneren bat, edo denek dutelako zaintzak eragindako egoera bidegaberen baten berri. Izan ere, mugimendu feministak greba prozesuaren bidez mahai gainean jarri dituen analisiak eta aldarrikapenak logikazkoak dira, baina, aldi berean, guztiz politikoak; ulertzen oso errazak, baina gauzatzeko aldaketa politiko eta kultural handiak eskatzen dituztenak.

Martxoaren 8an jakinarazi zuen Denon Bizitzak Erdigunean plataformak grebara deitzeko asmoa zuela, eta ekainean eman zuen azaroaren 30eko data. Prozesua luzea izan da, konplexua, zalantzaz blaitua. Greba feminista orokorrik ez zen sekula egin Euskal Herrian, ezta inguruko herrietan ere, eta asmatzeko zeuden antolakuntza moldeak, tresnak, iruditeriak, mobilizazio formatuak, leloak. Oztopoak ere izan dira bidean: bada auzitan jarri duenik ea mugimendu feministak zilegitasunik ote duen greba orokor batera deitzeko; badira herritarren informazio eskubidea alboratu eta deialdia isilarazi duten hedabideak; badira mobilizazioarekin bat egin ez dutenak. Baina mugimendua eraikitzeko borondatea eta prozesua elikatzeko grina gailendu dira.

Greba deialdi honek asko esaten du Euskal Herriko mugimendu feministaz: mobilizaziorako proposamenak egiteko sormenaz eta ausardiaz; irakurketa politiko orokorrak egiteko eta tokian toki lurreratzeko ahalmenaz; antolatzeko, inspiratzeko eta motibatzeko gaitasunaz. Asko esaten du, era berean, deialdia babestu duten sindikatuez: borroka molde eta ikuspegi berrietara zabaltzeko borondateaz; siglak albo batera uzteko eskuzabaltasunaz. Eta asko esaten du prozesuan parte hartu duten eragile sozialez: aliantzak josteko lanaz; borroka integraletan pentsatzeko heldutasun politikoaz. Greba eguna zer baldintzatan gauzatu zen ikusteak ere asko esaten du euripean egun osoan kaleak okupatzeko gai den herri batez: erresistentziarako irmotasunaz eta eraikitzeko indarraz.

Atzoko eguna ez da erraz ahaztekoa izango. Ez soilik jendetzaren indarragatik, aldarrien ozenagatik, irudien zirraragatik eta katarroengatik. Baizik eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko apustu politikoagatik: egindakoak utzi duenagatik eta egiteko dagoenagatik. Grebaren helburua zen zaintzaren inguruko eztabaida agenda politiko eta sozialaren lehen lerroan jartzea, eta lortu du: milaka lagunek aldarrikatu dute zaintza sistema publiko sendo bat eraiki beharra, zaintzaileen baldintzak duintzeko urgentzia eta zaintzaren kultura lantzeko premia. Grebaren helburua zen mugimendu feminista berriz aktibatzea eta zaintzaren auzia beste eragileetara zabaltzea, eta lortu du: Hego Euskal Herriko herri gehienetan sortu dira batzordeak, antolatu dituzte protestak, batu dira askotariko elkarteak... Grebaren helburua zen grebaren esanahia eta subjektua zabaltzen jarraitzea, eta lortu du: zaintzaileen borroken estrategikotasuna aitortu dute, etxeko langileek parte hartze forma berriak esperimentatu dituzte...

Atzo, Bilboko manifestazioaren osteko ekitaldian, Elektrizitatea abestia kantatu zuen Aiora Renteriak, eta neurrira eginda ziruditen hitzetan adierazi zuen gau ilunaren azken arnasketan oihukatu egin nahi zuela: «Munduak ahazten banau, lur honek askatzen banau, zerbait utzi beharko dut behintzat euri tanten artean»; «energiak lur jausira narama, ni neu ere energia banaiz, lurrean idatzirik geldituko naiz». Izan ere, borroka feministak demostratu du euri tanten artean eta lurrean idatzirik gelditzen dela, eta hala ari dela, apurka edo azkarrago, bizitzak aldatzen. Azken urteetako mobilizazio eta greba feminista erraldoiek utzitako hondarra ukaezina da, besteak beste, sexu indarkeriaren aurkako ahalduntzea aztertzean edo politikaren feminizazioari erreparatzean.

Oraingoak ere hondarra utziko du. Lurrean idatzirik geldituko da zaintzaren auziak baduela zerbait: isilean izan dela luzaroan, ezkutuan, naturalizatuta, familien eta emakumeen esku; baina orain kalera atera dela, eztabaidara eta plaza publikora, ez baita arazo pribatu bat, baizik eta denon ardura. Lurrean idatzirik geldituko da kolektiboki eraiki behar dela zaintzaren kultura, baina erakundeek bermatu behar dutela zaintzarako eskubidea, zerbitzu publiko duinen bidez, zaintza ezin delako negozio izan. Lurrean idatzirik geldituko da mugimendu feminista badela nor greba orokor bat antolatzeko eta solaskide politiko izateko. Lurrean idatzirik geldituko da, irakurri behar dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.