Pastor
DARWIN ETA GU

'L'Oréal' gizona

2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Errobi taldeak Nagusiaren nigarrak kanta kaleratu zuen 1977an, Gure lekukotasuna diskoan. Urte hura bereziki mugitua izan zen Madrilek administratutako Euskal Herrian. Espainiako indar politiko nagusiek Moncloako Itunak sinatu zituzten erreforma politikoa bultzatu eta zuzentzeko. Arlo politiko eta sozialean aldaketak izan ziren zenbaitetan antigoaleko legeak indarrik gabe uzteko. Esaterako, zigor kodean egindako aldaketen kapituluan bazegoen bereziki emakumeari lotuak zeritzon atal bat. Horren bidez adulterioa eta ohaidetzea—gizonak eta emakumeak sexu harreman ohikoak izatea bata bestearekin ezkonduta egon gabe— despenalizatu zituzten. Arlo ekonomikoan langileak kanporatzeari ireki zitzaion atea, hainbat neurriren artean: enpresa bati beharginen %5ekoa kanporatzeko aukera eman zitzaion arrazoiak justifikatuz gero—oraingo legeekin alderatuta, egoera liluragarria dirudi horrek—.

Urte haietan ez zegoen giro arlo ekonomikoan. Enpresariek ez zekiten Espainian zer gertatuko zen. Langileek neguko jauregiari erasoko ote zioten beldur zen ugazaba. Beste alde batetik, 1973ko petrolio krisiaren lehen ondorioak sumatzen hasiak ziren gurean. Ongizate-gizartearen bukaeraren hasiera zen. Enpresarien kezkak gero eta handiagoak; kexak ere, gero eta gehiago. Negarra, Anje Duhaldek bere taldean kantatzen zuen moduan: «Gure nagusia, gaixo nagusia, goizetik arrats ta urte guzia nigarrez, nigarrez, nigarrez, nigarrez ari da».

Geroztik enpresariek ez diote negar egiteari utzi. Haizea alde izan dute, gainera. Negarrez ari da orain Gregorio Billalabeitia, Kutxabankeko presidentea. Ostegunetik badakigu zergatik igo dioten soldata lagunek. Edo zergatik igo dion soldata berak bere buruari. Kazetarien aurrean esan zuen: lehen zegoen lekuan gehiago irabazten zuen. Horixe arrazoia. Ardura handiko postura joan da gizona, eta saria merezi du, bai. %73ko soldata igoera legezkoa izango da, baina ez da ez etikoa, ez morala. Dena den, noiztik joan dira banku eta finantza munduak etikari edo moralari lotuta?

Billalabeitiak gehiago irabazten zuen lehen, eta orain ez du gutxiago izan nahi. Kutxabankeko soldata gustukoa ez bazuen, lehen zegoen lekuan gera zitekeen. Inork ez dio pistolarik jarri buruan bertatik mugitzeko. Eskandalua da %73ko igoera soldatan. Batez ere, gauden garaietan; batez ere, gero bere burua gizartearen zerbitzuko agertu nahi duen erakundearen barruan gertatzen denean. Ez da iraultzailea izan behar igoera hori kritikatu edo salatzeko. Boltxebikeen antipodetan daudenek ere aitortu dute neurria ez dela egokia izan. Duela gutxi soldata hori «gehiegizkoa» iruditzen zitzaiola esan zuen Joseba Egibarrek. Confebaskeko buru Miguel Angel Lujua ez da hain urrun joan, baina onartu egin du Billalabeitiaren hileko lansarian izango den igoerak ez zuela derrigorrean hain handia izan behar: «Agian, txikiagoa izan zitekeen».

Kutxabankeko presidenteak gehiago esan zuen herenegungo agerraldian. Berak zuzentzen duen erakundeko soldata-masa murriztuko ote den galdetu zioten kazetariek. Erantzuna: «Seguruena». Haren ustez, «gauzak» egin beharko dira gastu kontuetan. «Nagusiaren kontsolatzeko, langile, langileek irabazi berarentzat lan gehiago egin beharko», kantatzen zuen Errobik. Bai, «gauzak» egin beharko dira soldaten arloan. Horixe bota zuen L'Oréal gizonak, Carrarako marmolezko aurpegiaz zirkinik egin gabe. Nire soldata %73 igo, eta besteena jaitsi. Porque yo lo valgo.

Inork ez du bere bizi-maila jaistea nahi. Ez Billalabeitiak, ezta bere erakundeko edo beste nonbaiteko langileek ere. Bi aldeen arteko diferentzia nabarmena da, baina. Nagusiak lasai asko esan dezake: «Nik lehen baino gehiago irabaziko dut; zuek, lehen baino gutxiago». Haren menpekoek hori onartzen ez badute, berdin dio. Alde! Milaka lagun daude kalean lanpostu hori halako baldintzetan hartzeko prest. Billalabeitia, ordea, bakarra da. Gure L'Oréal gizona bezalakorik ez dago munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.