Entrenatzaileak ez darabil txandala soinean eta horrek atentzioa eman dio irratiko esatariari. «Lopetegi kaleko arropa jantzita etorri da gaur. Ez du denborarik izan txandala lehortzeko», esan du, Betis eta Sevilla futbol taldeen arteko partidan. COPEko beste kazetari batek gaiari heldu dio: «Oso txarto haren andrea, txandala garbituta eta lisatuta izan beharko zuen harentzat».
Apezpikuen hedabideak Andaluziako hiriburuan duen kazetariak bota du perla. Kritikak segituan egin dizkiote sare sozialetan. Hala ere, ez berak ez COPEk ez dute ezer zuzendu. Barkatzeko eskatu? Zergatik? Kazetari primitibo horri erraietatik atera zaio ahokada. Hitzek haren pentsaera atzerakoia islatu dute: bere egin du andreari ezarritako rol tradizionala.
Lopetegiren emazteari ez ezik, andrazko guztiei ere egin die irain pertsona horrek. Graziarik gabeko karikatura egin nahi izan du, antzinako ikuspegiak mendeetan zabaldutako arau idatzi gabeei lotua. Zertarako nahi du gizon horrek andrea, bikotekidea? Arropak garbituta eta lisatuta irteteko kalera, besteak beste? COPEko kazetariak esandakoak badu beste alde bat: oraindik ez dira gutxi emakumearen argazki horren oinarriak erabat baztertu ez dituzten lagunak. Zenbat aldiz ez dugu entzun —edo esan— honako esaldi hau?: «Gizajo horrek ez du andrerik edo amarik, kalera hala jantzita ez irteteko esango dionik?». Pentsaera matxista horren beste adibide bat: mundua aldatzen ari da, baina noren ardura izaten da askotan umeen arropa aukeratzea, txikiak eta ez hain txikiak direnean? Nor kezkatzen da —edo haserretu— semea arropak zikin azaltzen denean etxean? —askotan ume hori gizonezkoa da, ez galdetu zergatik—. Etxekoen irudia, marka dira haur horiek. Ama batzuek, uste baino gehiagok, oso sartua dute oraindik txip hau barruan: zer pentsatuko du jendeak, gure semea hala ikusten badu? Ama arduragabe galanta dela. Utzia. Umeak aitarik izango ez balu bezala —ama aita baino sarriago ikusiko duzu semearen zapatak garbitzen—.
Kazetariaren portaera ez da, zoritxarrez, eskuinaren monopolioa. Nonahi ager daiteke, baina kupidarik gabe larrutuko dugu hala jokatzen duena etsaitzat badugu. Ordea, nola erreakzionatzen dugu jokaera matxisten jabea gutarra denean? Gauzak aldatzen ari dira, baina gaztetako jokaera batzuk gogora ekarriz gero... Lehengoan esan zidan lagun batek: oso engaiatuak ginen borrokan, kontzientzia sozial handia genuen, baina, emakumeei zegokienez, ez zegoen alderik eskuindarrekin. Egun jazarpen edo erasotzat jotzen ditugun jokaera ugari ohikoak ziren. Ez ginen bereziki asaldatzen.
Maskulinitatea eta rolen zama. Inor gutxi libratzen da tranpatik. Ahalegin handia egin behar duzu horretaz ohartzeko. Azken oporraldietan opari bat erosi nion lagun baten semeari. Ez ditu bi urte izango. Denda batean egurrezko auto txiki bat ikusi nuen. Koloretsua. Gurpilak ondo mugitzen zituen. Jostailua haurrarentzat hartzea begitandu zitzaidan. Zergatik ez? Gero, pentsatzen hasi nintzen: semea barik alaba izan balitz, kotxe hori erosiko nuen opari moduan? Seguruena, bai. Alta, haurra semea izanda bezain konbentziturik aukeratuko nuen, bi bider pentsatu gabe edo zerbait ustez egokiagorik bilatzen hasi gabe? Seguruena, ez. Neskatoa izanda autoak gustukoak izango ez balitu?
Duela urte batzuk Gipuzkoako gizon batek auto berria erosi nahi zuen. Ibilgailu xumea, egokia lanera joateko, besterik ez. Izan ere, ez du maite gidatzea, beste erremediorik ez dagoenean hartzen du kotxea. Eskualdeko kontzesionariora joan zen. Hor hasi zaio saltzailea kotxe modelo handi eta erakargarrienak erakusten —eta garestienak, negozioa egin nahi du eta—. Bezeroak ezetz, gauza xinpleagoa nahiago duela, konplikaziorik gabea. Auto txiki bat erosi nahi duela argitu dio azkenean. Marrazoak irribarre egin dio. «Badakit. Kotxea zure andrearentzat da, ezta?». Eta gizonak, ironiaz: «Ez, neure buruarentzat erosiko dut. Neure alde femeninoa lantzen ari naiz».
DARWIN ETA GU
Lopetegiren andrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu