Pastor
Darwin eta gu

Londres, 1812

2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Anthony Burgessen ipuin bat irakurriz jakin nuen, oker ez banago, etxerik gabekoentzako aterpe berezi baten berri. Industri iraultzaren osteko Ingalaterran, XIX. mende hasierako Londres lainotsu hartan, negozioa egiten zuten gaua non pasatu ez zuten txiroekin. Penike bat edo horren erdia pagatuta epeletan lo egiteko aukera zuen jende hark, gela edo soto batean. Hantxe, eserleku batzuetan jarrita edo zutik, besterik gabe. Horretarako, soka lodia jartzen zuen etxearen jabeak gelako alde batetik bestera, ondo tenkatuta. Txiroak besoak tolestatu eta sokaren gainean jartzen zituen, gero burua jaitsi, makurtu eta hantxe paratzeko, hezur-haragizko burkoaren gainean. Sokari eutsita, ia itsatsita egiten zuen lo. Jabeak goizean goiz esnatzen zituen apopiloak, iratzargailu krudel baten soinu sikuaz: soka kolpetik askatu eta lo gozoan zegoen jendea airean geratu eta plaust! erortzen zen lurrera. Londres pobre hartan gauero puskatutako ametsak puskatzen zitzaizkion goizero etxe gabekoari, baita muturrak ere, deskuidatuz gero.

Bi mende geroago, eta besterik ezean, sotoko sokaren sistema baliagarria izan liteke etxe kaleratzeen ondorioz aterperik gabe geratzen direnak babesteko. Ingalaterrako garai kapitalista gordinenetan bezala babestu ere. Batez ere orain, negu gorriaren atarian gauden honetan. Lehman Brothers Holdings erakundearen finantza terrorismoak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko zenbait neurri onartu ditu Espainiak. Madrilek ez du aldatu abusuak ahalbidetzen dituen legea; gehienez ere horren aplikazioa etetea onartu du, kaleratzeak kasu larrienetan saiheste aldera. Hala ere, hain zuhur eta zikoitz jokatu du, non benetan kaltetutako jende asko eta asko eremu horretatik kanpo geratuko den.

Esaterako: seme-alaba txikiak dituzten familiak zaindu nahi omen dituzte arau berriek, besteak beste. Hiru urtez beherako umea duten familiak ez dituzte, printzipioz, etxetik kanporatuko. Ez da oso logikoa umeen babesgabetasuna baloratzeko modua. Haurrak hiru urte baino gutxiago baditu, gurasoak etxean geratuko dira; hiru urte baino gehiago izanez gero, aldiz, ez. Kale gorrira. Zer alde dago hiru urteko eta lau urteko umeen artean? Hamabi hilabeteko tartea —edo, denbora errealean, sei aste edo hiru eguneko aldea, batek daki— erabakigarria izan daiteke familia osoa kalera botatzeko ala ez. Arau horri segituta, lau urteko ume bat kalean egongo da, gurasoak hipoteka ordaindu ezinean egonez gero. Haren bizilagun edo lehengusuak, hiru urte betetzear dituenak, aldiz, etxean segituko du puska batean. Neurria ez da justua, ez da logikoa. Edo bai, logika krudela du: hiru urte baino gehiagoko umeek badakite oinez ibiltzen. Kanporatzea homologarria da, beraz. Bestela, ez: oso irudi eskas eta gupidagabea da argazki edo bideo grabazio batean etxe kanporatze bat islatzea, kontzientzia eragozpenik egiten ez duen polizia aita edo ama bat kolpatzen, hark umea besoetan duen bitartean. Hiru urte baino gehiagoko umea, ostera, gai da zutik egoteko eta, behar izanez gero, sotora joan eta sokaren gainean lo egiteko. Industri iraultzaren osteko Londres lainotsuko garai kapitalista gordinenetan bezala.

Lagun bat dut, Bizkaiko herri handi batean udaltzaina. Duela urte asko, polizia lanetan hasi berria zela, eta artean halako etxe kaleratzeak pil-pilean ez zeuden garaian, etxe batera joan behar izan zuen. Zertara eta bertakoak kanpora botatzera. Etxekoek irten nahi ez, eta nagusiak borrak erabiltzeko esan zion. «Ni ez nintzen udaltzain sartu hau egiteko», esan zion lagunak, xalo-xalo, sarjentuari. «Zuk hemen neuk agintzen dudana egin beharko duzu, bestela badakizu…», erantzun zion besteak. Laguna ezkondu berria zen, hipotekaren zama hartua. Andrea haurdun zegoen. Egun udaltzain segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.