Urtea amaitzear dagoen honetan, hainbat dira 2020 honi egotzi nahi dizkiogun kalteak eta onurak. Hezkuntzaren arlora hurbilduz, eta aldaketa andana jaso dugula onartuz, hurrengo urteetarako arrakasta eta eragina izango duen aldaketa sakon batez hitz egin nahi dut gaurko honetan.
Aurtengo ikasturtean, Espainiko Hezkuntza Lege nagusia aldatu egin da, LOMCEren alditik LOMLOEren garaietara pasatu gara. Izurritearen garaietan, beste hainbat eginbehar eta ardura hartuta egon garenez, ia konturatu gabe pasatu gara egoera berrira. Lege berri honek izpiritu aurrerakoia du, eta ezkerreko gobernuaren eskariei erantzuten die. Aldaketen artean batzuk aipatuko ditugu, hurrengo batean sakonago lantzeko esperantzan.
Haur Hezkuntzako lehen zikloak, 0-3k, zaintzaz gain kutsu hezitzailea hartzen du, eta indartu egiten da. Derrigorrezko irakaskuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn, curriculumaren zehaztapena eta testuinguratzea oso eztabaidatua izan den gaia da. Oraingo honetan, edukiaren %55a zehaztu ahal izango da, hizkuntza koofiziala duten autonomietan. Orain arte, testuinguratze horretan, curriculumean irakasten den edukia ez da euskal kultura eta errealitatearen isla izan, ehuneko zati txiki batean baino, eta Espainian salatu bada ere, hemen Espainiako ezagutzarik ez zela irakasten, kontrakoa esan beharra dago. Hainbat ikerketa eta tesi lan dago gai horren inguruan, eta emaitzek argi azaltzen dute, euskaraz bai, baina euskal kulturaren ardatzak ez direla irakasten, modu oso azalekoan izatekotan ere. Ea oraingo honetan, administrazio autonomikoan, edukiaren testuinguratzearen hautuari bere garrantzia ematen dioten. Hizkuntzaren irakaskuntzari buruz ere, berriak daude. Espainola ez da izango irakaskuntzarako hizkuntza beste hizkuntza koofizial bat dagoen autonomietan, eta tokian tokiko hizkuntzak indartuko dira.
Beste aldaketa sakon bat ere badakar lege honek. Gure artean, aspalditik eztabaidagarri izan den publiko-pribatuaren arteko eztabaidak orain 30 urte egon zenaren errautsak astintzen ditu. Gaia sakona izanik, badu euskal gizartearekin eta etorkizuneko eredu politiko, ekonomiko eta sozialarekin zerikusia, eta soseguz hartu beharko den eztabaida da, nahiz eta legea onartuta dagoen. Gainera, segregazio sozioekonomikoari, desgaitasuna dutenei zein besteri erantzuteko, Hezkuntza administrazioak erabakiko du nola banatu ikasleak zentroetan. Espainiako Gobernuak hamar urteren buruan desgaitasunak dituzten pertsonak hezteko eta zaintzeko hezkuntza zentroak gaituko ditu, behar diren baliabide guztiekin, talde horien heziketa, hezkuntza sistemako maila guztietan, guztiz integratua izan dadin.
Batxilergoa ere aldatu egingo da, eta hiru urtetan mailakatuko da. Filosofiaren Historia berriro ere curriculumera gehituko da, ikasturtea errepikatzea salbuespena izango da, eta konpentsazioa erabiliko da azken irakasgairen bat gainditzea ezinezkoa denean. Selektibitatea ere berreskuratu egingo da. Lanbide Heziketa zabaldu egingo da, langileek ikasteko aukera handiagoak izan ditzaten. Bestalde, Eskola Kontseiluaren zereginak indartu egiten dira: beharrezkoa den eta luzez aldarrikatu den irakasle, maisu-maistren hasierako eta etengabeko formakuntzari zein irakaskuntza karrerari behar diren araudiak egiteko konpromisoa agertzen du.
Ezinbesteko dugu, herri moduan, gai horiei buruzko eztabaida zentzuzkoa egitea, gaur egungo egoeratik abiatuta, etorkizuneko Euskal Herria nolakoa nahi dugun, eta horretan, nolako Hezkuntza Sistema behar den zehaztera hurbilduko gaituena. Eguberri on irakurle, eta ea argi berriak ondasuna eta osasuna ekartzen dion euskal kultura eta hizkuntzari. Hala bedi.