Bere ziklo historikoa bukatzeko bidean da ETA. Estrategia politiko-militarretik politikora pasatzeko erabakiak ekarri zuen hark jarduera armatua bukatzea, eta, funtsean, haren zikloaren bukaeraren hasiera. Foro Sozial Iraunkorrak joan den urtarril hasieran zioen aurtengo «ikasturtearen amaiera baino lehen» gerta daitekeela ETAren «desmobilizazioa». Foroak presoez-eta gomendioak eman izan dizkio ETAri, eta honek baita kontuan hartu ere. Oraingoan ez dio eskaera espliziturik egin, baina kontuan hartzekoa da epe hori.
Iazko apirilean, ETAren armagabetzearen ondoren, Jonathan Powellek beste epe bat aipatu zuen, El País-en, haren «desegite desiraturako»: «[2017ko] Urtea bukatu aurretik gertatu ahal da». Euskal gatazkaren ondorioen konponbide prozesuan bada nor Powell, gutxienez duela 11 urtetik, eta jendaurrean hori adierazteko izango zuen informazio esanguratsurik. Desarmatzearen sasoi hartan ezker abertzalean ere desio zuten ETAk bere ibilbideaz hartu beharreko erabakiak urte amaierarako hartzea. Dena dela, urrian Luhuso libururako emandako elkarrizketan David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kideak aitortu zuen «armagabetzeari lotutako zereginen ondorioz» eztabaidaren hasiera «zertxobait» atzeratu behar izan zutela.
Desarmatzea gauzatu baino bi hilabete lehenago iragarri zuen Plak berak, Gara-ko elkarrizketa batean, «hausnarketa prozesu bat» egiteko asmoa zuela ETAk udaberritik aurrera. Armagabetzea gauzatu eta gero —hil berean— zabaldu zuen Zuzendaritza Batzordeak ETAren ziklo eta funtzio historikoaz proposamen politikoa, 2009-2017ko eta azkeneko bost hamarkadetako ibilbideei buruzko txosten banarekin batera. Deliberoaren garaia dute.
Estrategia aldatu zutenetik, dena doa modu koherente batean, eta denboran kateatuta. Ezker abertzaleak 2010eko otsailean jakinarazi zuen aldaketaren erabakia —Zutik Euskal Herria adierazpena—, eta ondotik etorri dira fronte armatuko pausoak: 2010eko irailean, ETAren jakinarazpena eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakiaz —urte erdi bat pasa zen alde horretatik operatibo ez zegoela—; 2011ko urtarrilean, ETAren su-eten egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra —nazioarteko eragileen exijentzia zen menia egiaztagarria ere izatea; lehen aldiz jaso zuen hori, eta oso zen garrantzitsua, 2006-2007koaren bilakaera ere aztertuz gero—; estrategia aldaketaren logikarekin segituz, erakundeak 2011ko apirilean iragarri zuen bertan behera utzi zuela iraultza zerga; urte bereko urrian, Aieteko konferentziaren ostean, jarduera armatuaren bukaeraren iragarpena; 2014ko otsailean, armagabetze prozesuaren hasiera, armategiaren zati bat zigilatuta; 2014ko uztailean, ETAren jakinarazpena borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa desegiteaz; eta, hainbat proba egin ondotik, iazko apirilaren 8an gauzatu zen haren armagabetzea.
Garai berrian, fronte armatu edo militarrean euskal gizartean eta nazioarteko komunitatean zalantzarik sortu ez duten erabakiak hartu ditu ETAk, eta, armagabetzean eta espetxe eremuan ikusi denez, Parisen ere izan du eraginik, Madril itxita egon arren.
Alor politikoan ere pausoak
Alor politikoan ere egin dira urrats esanguratsuak; hor ere dena doa modu logiko eta koherente batean, eta denboran kateatuta. 1992an jada Eugenio Etxebeste Antton-ek Santo Domingotik ETAren zuzendaritzari ohartarazi zion bataila militarra galtzeak ezin zuela eraman bataila politikoa galtzera. Lizarra-Garaziz (1998-1999) geroztik EH/Batasunak modu pribatuan nabarmentzen zuen denbora ez zihoala ezker abertzalearen alde. 1995ean, ETAren Alternatiba Demokratikoarekin, bide berri bat irekitzen hasi ondoren, 2004an, Batasunaren Anoetako proposamenarekin, aldaketa kualitatiboa eman zuten ezker abertzalean, konponbiderako errei politikoa eta teknikoa bereizita. 2007an Genevako elkarrizketak hautsita, zuzendaritza fronte politikoan jartzen hasi zen. Horren baieztapen bat izan zen estrategia aldaketaren prozesua eta erabakia; egoerara egokitzen joan behar izan zuen ETAk.
2011-2013an Norvegiako mahaiak —hots, aldebikotasun eskemak— ez zuen deus eman, Madrilek lortu zuen ezker abertzalea blokeatzea, eta harrezkero Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari begiratuz, batetik, gatazkaren ondorioen alorrean «armagabetzea zama bat izatetik herri prozesua sustatzeko aktibo izateko» erabakia hartu zuen ETAk, Plak dioen bezala, eta, bestetik, alor politikoan bidea finkatu zuen ezker abertzaleak, 2015-2016an Abian prozesuan egiaztatu zenez, zehaztu baitzuten Sortu, LAB eta Ernai izango zirela aurrerantzean euren eremuko antolakunde politikoak, Sortu izanik erreferentzia.
ETAren Zuzendaritza Batzordeak joan den urteko apirilean datatutako proposamen politikoan dio inork ez lukeela ulertuko erakundeak bere burua aurkeztea prozesu independentistaren gidaritzat, dinamizatzailetzat edo erreferentziatzat. Irailean, Gudari Eguneko agirian, ETAk aitortu zuen «datorren ziklo politikoan» bera ez dela izango «eragile nagusietako bat». Azaroan, informazio ohar batean, norabide bereko beste bi pauso. Batetik, argitu nahi izan zuen berak ez duela gidatzen EPPKren jarduera. Bestetik, jakinarazi zuen jada ez direla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kideak David Pla eta Iratxe Sorzabal, EPPK-ko zuzendaritzakide hautatu zituztelako kolektiboko partaideek eta «gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzeko ardura politikoa beste eragile batzuk hartzen ari direlako»; oharrean zehazki adierazi ez zuena da —eta politikoki inportantea da—, ETAk dagoeneko ez duela Konponbiderako ordezkaritzarik izango —«konponbidearen agenda Euskal Herriaren esku uzteko bidea abiarazi du ETAk»—.
Bukaera eta hasiera
Azkeneko pausoa falta zaio: ibilbidea bukatzea. 2010etik aurrera erabakitakoak erabakita, militanteek Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartzea da logikoena eta koherenteena. Gainera, ETA barne kohesio handiarekin helduko litzateke ziklo historikoaren amaierara, eta hori ez da erraza izan ohi: bake akordioak egon arren, IRAn sortu zen adar militar disidente aktibo bat, eta FARCen ba omen dira zatiketak.
«Elefante bat dago pasilloan», esaten zuen ETAgatik ezker abertzale ofizialekoa ez den buruzagi subiranista batek Lizarra-Garaziko garaian. Elefante horrek 800 lagun inguru hil ditu, baina aspaldi desagertu zen. «Elefante bat dago gelan», esaten zien Espainiagatik NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak euskal eragileei duela lau urte. Hor segitzen du elefante horrek, ondo iruditzen ez zaiona zapaltzen, baina askoren logika eta koherentzia politiko-ideologikoak gelako armairuan sartuta daude.
Badoa ETAren zikloa. Burujabetzarena ez da heldu oraindik.
ANALISIA
Logikoa eta koherentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu