Ezer ez esan eta guztia iradokitzearen artea omen da eslogan politiko on bat sortzea. Gogoratu Obamaren 2012ko Yes we can famatuarekin: zehazki zer ahal zuen elipsatuz, edonori nahi zuenarekin osatzeko moduko gonbidapen oso efektibo bat egiten zion. Nolanahi ere, euren labur eta sotilean, hainbat esanahi biltzen edo berraktibatzen dituzte hauteskunde leloek, erabiltzen diren unearen eta moduaren arabera. Udaberri honetako kanpainako esloganekin ere, bizi garen garaiko eta tokiko gizartearen erradiografia bat egin genezake.
Aurrera da, esaterako, EAJren aurtengo leloa. Bere horretan, nora doan esaten ez duen eslogan bat da: aurrera eta aurrera jarrai dezakezu luzaroan inora heldu gabe. Inplizituki ulertzen da aurrera horren norabidea orain arteko garapenaren ildo berbera dela, azken mendeko «aurrerapen» teknologikoaren eta hazkunde ekonomikoaren bidearen jarraipena, alegia. Baina krisi sozio-ekologiko globalaren puntu honetan, ez ote da hain zuzen ere balazta behar duguna? Betiko bideetatik «aurrera» egiteak Pinocheti egozten zaion esaldi famatua dakar gogora: «Amildegi ertzean geunden, eta pauso bat aurrera eman dugu».
Gainerako alderdien artean, lelo gehienak bigarren pertsonan mintzo zaizkigu: zu, bai, zuri buruz ari gara. Maite duzun herria diosku EH Bilduk, halako patriotismo lokal bat aktibatu nahirik edo. Maitasuna, indar motore gisara. Maitasuna, balio politiko gisara. Orain arte ezagutu ditugun zaintza eta gizarte politiken oinarrian dagoen maitasunaren ideia hori berpizten da ezinbestean, esplotazioa ustezko altruismo onbera baten izenean apaintzen duen konstruktu hetero-patriarkal hori, Mari Luz Estebanek maistraki deskribatu zuena: «Gatazkaz eta desorekaz betetako mundu batean desinteresatu modura aurkezten den maitasun bat, talde oso minoritarioen interes ekonomikoek gidatutako mundu batean». Maitasuna ote da erakundeen partetik nahi duguna? Gogoratu, esaterako, Jaurlaritzako Garraio sailburu batek nola esan zuen AHTaren kilometroak «bihotzarekin» kalkulatu zituztela. Nik ez dut behar gobernatzen duten politikariek maita nazaten, eta ez nago prest administrazioarentzat ezer maitasunaren izenean egiteko. Ziur: denok gara feministak, baina maitasuna arrosaz irudikatzen jarraitzen dugu.
PSE-EEk ere zuzenean interpelatzen gaitu: Zurekin, dio. Nirekin? Nirekin, zer? Edo, areago: Bozkatu zeurea, nolabait iradokiz badugula zerbait, jabetzaren bat edo geure sentitzen dugun zerbait. Nork bereari baino begiratzen ez dion gizarte batean, kutsu kontserbadorea hartzen du esaldiak. Areago: Iruñeko markesina batean ikusi berri dut Voxen hauteskunde kartel bat, Zaindu ezazu zurea dena dioena (gaztelaniaz, noski). Nonbait, aintzat hartzen dute boto-emaile bakoitzak baduela berea den zerbait, mehatxatuta egon litekeena, eta, beraz, ondasun indibiduala dela babestu behar dena. Zaindu ezazu zeurea dena. Eta denona?
Finean, gizarte erromantizatzaile, indibidualista, kontserbadore eta arduragabe baten irudia osatzen dute udaberri honetako hauteskunde leloek. Ezin esan oker daudenik.
KONTRAKANPAINA
Leloak mintzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu