Samara Velte.
18. Korrika. Hasierako ekitaldia. Analisia

Lekukoa

2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da lehen aldia Korrikako lekukoa Martin Ugalde kultur parkean sartzen dena. Euskaldunon Egunkaria-n aritu zirenek gogoan dute nola aldatu zuen AEK-k 2003an Korrikaren ibilbidea, halabeharrez; euskalgintzari egin berri zioten zauria handiegia zen albotik arineketan pasatzeko.

Hamar urte geroago, propio abiatu da hemendik. Ordutik, euskalgintzan dihardugun eragile gehiago bildu gara parkean. Egunez egun dihardugu, urratsez urrats, guretzat ofizioa baino gehiago den horretan —zerbaitengatik deitzen diote Bizkaian lanari beharra—. Egunero egiten den urratsa baita goizero tabernako barra ertzean dauden berripaperen artean euskarazko bat egotea, hizkuntzari bereak diren espazioak ematea.

Baina gustuko bidean ere badira maldak eta zuloak. Ibilbidearen une batzuetan ikusleak pilatzen dira ertzetan, denen arreta du korrika ari denak, eta badirudi txaloek arindu egiten dituztela zangoak. Une labur eta ederrak dira halakoak, hau bezalakoak. Gero, badira lekukoari bakar-bakarrik eusten ari garela sentitzen dugun tarte luze eta astunak ere.

Lekukoari eutsiz sortu zen BERRIA, eta bagara hari aurrerantzean ere heltzeko gogoz iritsi garen belaunaldi gazteak ere, jakin badakigun arren nondik gatozen. Itxurazko normalizaziora jaiotako belaunaldia gara. Irakurtzen ikasi genuenerako, bazen euskarazko prentsa; egunkaria begiratzen hasteko adina iritsi zitzaigunerako, bazegoen Internet. Hizkuntzak bigarren maila batera egin digu irrist, eta bizi ditugun garaiotan buruko min gehiago ematen digu ez jakiteak zer egin behar dugun curriculumean kabitzen ez zaizkigun ikastaro eta graduondoko guztiekin.

«Krisia» deitzen diote erakundeek. Larrialdi egoera da, murrizketak egin behar dira, eta badirudi horrek barkatzen duela oinarrizko behar bat apurka odolustea. Euskalgintzako «eragile» garenok egin dugu aurten lehen kilometroa. Txalo artean egin dugu; badakigu babesa handia dela. Eta eragiten jarraituko dugu, jarraituko dugunez; lekukoari, ordea, guztiok eutsi behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.