Joanmari Larrarte.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketak (I)

Lehentasunak baliabideak behar ditu

2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak egun gutxi barru aurkeztuko du 2013rako aurrekontu proposamena, eta aurreko egunetan zabaltzen ari diren mezuak kezka ugari sortu du euskalgintzan eta euskal kulturgintzan, krisi garaiotan eremu horietan ere murrizketak izango direla esan baitu Ogasun sailburuak. Kezka ez da harritzekoa, erakunde askoren kasuan larritasun handia ekar baitezake betidanik eskasak izan diren diru laguntzak gutxitzeak.

Legealdi honetan euskara lehentasun izango dela esan du Eusko Jaurlaritzak, eta lehenengo aldiz sail baten izenaren barruan Hizkuntza Politika agertzea horren adierazgarri gisa ulertu da, batez ere zehar-lerro izaera emango zaiola esan delako. Bada, lehentasun izatea ez da inondik egoki ezkontzen baliabide gutxiago izatearekin. Edozein politika sendotasunez gauzatu behar bada, erabakiak eta baliabideak behar dira eta: erabakiak neurri eraginkorrei bide emateko, eta baliabideak neurri horiek gauzatzea eta garatzea ziurtatzeko. Horrelaxe gertatzen da, hain zuzen ere, benetan estrategikotzat jotzen diren eremuetan: zerbait estrategikoa dela baloratzen bada, hartan inbertitzea ez da zalantzan jartzen.

Hizkuntza politika ausart eta eraginkorra egiteko beharrean gaude, baldin eta Euskal Herrian euskararen garapenak urratsik atzera ez egitea nahi badugu, eta, horretarako, datozen urteetan behar diren baliabideak jarri beharko dira, bestela diglosia egoeran dagoen hizkuntza horrek aurrera egitea benetan zaila izango baitu. Horrenbestez, atzeraka ez bada hasi nahi, izaera estrategikoa benetan eman eta baliabideak jarri behar dira. Marra gorriak zehaztu dira Osakidetzan, hezkuntzan eta gastu sozialean, haietan ezin delako atzera egin; bada, euskara ere babestu behar du marra gorri horrek, euskararen normalizazioan atzera egin ez dezagun.

Euskara ez litzateke dagoen egoeran egongo herri ekimenetik sortutako hainbat eragileren ekarpenik gabe. Gizarte erakunde horien guztien ekarpena gerora ere ezinbestekoa izango da, eta ez litzateke planteatu ere egin beharko gure herriaren egituratzean giltzarri den euskararen berreskurapena zalantzan jartzea eta eragile horien iraupenean eragin dezaketen murrizketak egitea.

BERRIA Taldearen eremu zehatzera etorrita, urteak daramatzagu esanez euskal hedabideen benetako garapen bat behar badugu nahitaezkoa dela erakunde publikoen ekarpena egungoa baino handiagoa izatea, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak aurreko bi urteetan %15 jaitsi du laguntzetara bideratzen duen kopurua —850.000 euro gutxiago bi urtean, 2006tik 2010era izandakoigoera ia guztia bi urtean jaitsi dute—. Aurrekontuek gora egiten zuten bitartean, hedabideentzako hazkundeak txikiak ziren, baina behera abiatu direnean, abiadura azkarra hartu dute hedabideei ematen zaizkien diru sailek. Euskal hedabideen sektorea birmoldaketa eta berrikuntza prozesu batean murgilduta dago, eta hori etetea larria litzateke. Murrizketen bideari jarraitzea erabakitzen badute, sektorea desegitea eragin dezakete, eta hori ezin da gertatu.

Denok gara kontziente lehen baino diru gutxiago dagoela, eta gehienoi tokatzen ari zaigu baldintza horietan kudeatzea. Eusko Jaurlaritza kudeatzen ari direnek ere egoera hori dute esku artean, eta erabakiak hartu beharko dituzte, eta erabaki horiek hartzen dituztenean erakutsi egingo dute benetan zein den eurentzat lehentasun eta zer bigarren mailako edo galgarri, baliabideak esleitzeko garaian argitzen baita zer den benetan estrategiko. Denok espero dugu euskara eta euskal kultura, euskalgintza eta kulturgintza ez jartzea atzerabidean.

Bihar: Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.