COVID-19ak ekonomia eta norbanakoak latz kolpatu gaituen honetan, bistakoa da hainbat inertzia eta joera ez direla aldatu. Europak bere berreraikitze funtsa adosteke jarraitzen du lerrook idazteko unean, eta herrialdeon bultzada fiskal nagusia behar lukeena, batzuk Green Deal nahi luketena, hainbatek berdeegi ikusten du. Herrialde bakoitzak bereari begiratzeko joera hori, nola ez, europaren erro harroa, ez du birusak erre. Akordioa izango den arren. Elkarteen gaineko zerga baxuak dituzten Irlanda edo Herbehereak baldintzatzaile, azken hori izanik aldaketa klimatikoak eta itsas mailak mehatxatuenetariko bat.
Kontsumoa mugatzeko edo ingurumena babesteko neurriak ere eskas dira momentuz. Plastikoak indar betean. Aldi baterako erregulazio dosierrak aldi batekotasuna galtzeko bidean diren honetan, langabeziak gora egiteko arriskua handia da. Eta lan merkatua berrabiatzeko giltzarria izango da bultzada fiskal sendoa. Etxera edozer ekartzeko gai den Amazonen esku ikusezinak inoizko indartsuen jarraitzen du eta, bitartean, merkataritza eta ostalaritza lanpostuz odolusten doaz. Goaz.
Hezkuntzan murrizketak baino funts gehigarriak beharko liratekeen honetan, ez da halakoren susmorik ere. Meet-ean batu eta segi aurrera. Diru bilketa amildu delako eta Europak ez duelako deskarbonizazioa agendan serio sartu nahi. Serio, esan nahi baita, hurrengo hamarkadan bertan. Hegaldi konpainiak, automobilgintza eta turismoa potoloegiak dira lidergo politiko sendorik gabe irauli ahal izateko. Kulturak, gurean Mari Errauskin izaten jarraitzeko aukera guztiak ditu. Mugikortasunaren arrak birusa hedatzen nola lagundu duen ikusita, bistan da hainbat ohitura barruraino sartuak ditugula eta, gomendio bidez baino gehiago, debeku bidez soilik egingo diegula uko; edota zerga nahiz prezio seinaleen bidez. Berandu goaz.
Gauzak horrela, aldaketak norberagandik hastea izan liteke bat. Hezkuntza eta osasungintza publiko on batez harago, zer behar dugu? Zein arrasto ekologiko uzteko prest gaude, kontsumitzaile gisa? Zein jardun bultzatuko ditugu gure partaidetza eta kontsumo erabakiekin? Hamsterren gisan bueltaka jarraitzen dugu, Glovoko txirrindulariek eta besteok. Google, Facebook eta Apple krisi hasieran bezain indartsu ez, indartsuago.
Mailegu eta abal oldea izan da. Enpresa txiki, ertain nahiz handien zorpetzea handitu da. Interes tasek hutsean jarraitzen dute eta, itxuraz, luzaro jarraituko. Baina bigarren etxeratze agindu orokorturik behar balu osasun publikoak, eutsi ahalko ote lioke ekonomiak? Osasunaren eta ekonomiaren kalteen arteko sokatirak bizi gaitu egun, Katalunia lekuko. Esportatu ezin diren ondasun eta zerbitzuek, publikoez harago, gehienon lanpostuak eusten dituzte. Horregatik guztiagatik, bada Europarako helikoptero-diru eske dabilenik: ezeren truke, doan, gobernuen esku, itzuli beharko ez litzatekeen dirutza bat uztea. Salbuespen gisako txeke ez zuri bat, eskari agregatua bultzatzeko, hemen eta orain. Hainbaten erlijioaren aurkako aipamena, sakrilegioa. Lehengo lepotik, dirua.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Lehengo lepotik birusa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu