Felix Zubia.
PENTSALDIAN

Lehen mailako arreta

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azken egunetan izandako adierazpenek berriz ere erdigunera ekarri dute Lehen Mailako Arretaren auzia. Sortu den ika-mika albora utzita, arazoaz dudan ikuspegia ematera noa, espainiar estatu guztian dagoen arazoa, eta Europako beste herrialde askotan ere bai. Hori baino lehen, gogora dezagun Lehen Mailako Arreta dela osasun sistemaren oinarria, osasun sistema publikoa posible egiten duena, berdintasuna ziurtatzen duena, eta ezinbestean zaindu beharko genukeena.

Arazoa sorgin-gurpil baten barruan dagoela iruditzen zait, elkar elikatzen duten faktore asko egonik, eta erremedio errazik gabea. Bazetorrela ere ikusten zen, baina, eta behar ziren neurri asko ez dira hartu, dagokien agintarien aldetik.

Lehenik, familia medikuen zahartzea gertatu da. Asko dira azken urteotan erretiroa hartu dutenak, eta asko hurrengo urteetan erretiratuko direnak. Pentsatzekoa denez, erreleborik ez bada, mediku falta sortu da eta sortuko da.

Hauek ordezkatzeko medikuak behar dira, eta fakultateetan sortzen dira medikuak. Hauek, ordea, ez dute familia mediku izan nahi. Egin berri den BAME azterketan (MIR gazteleraz), familia mediku plaza asko bete gabe geratu dira, zenbait lurraldetan kopuru handian. Beraz, espezialitatea ez da erakargarri egun, eta hor dago koxka handiena.

Zergatik ez da erakargarri? Ez dut uste arazo nagusiena soldata denik, jasotzen den dirua, lanaren baldintzak eta jarduera baizik. Batetik, denbora oso murritza izaten da paziente bakoitza ikusteko, eta horrela lan egitea nekeza da. Bestetik, lan burokratiko asko egin beharra dauka familia medikuak, osasun arretari kentzen zaion denbora. Borobiltzeko, medikurik gazteenei ez zaie egonkortasunik eman, ez kontratuen iraupenean, ez eta toki berean egindako lanean. Ezin da familia mediku lana ondo egin gaur Lezon, bihar Oiartzunen eta etzi Errenterian egonda. Eta mediku gutxiegi badaude, eta gutxiagoren artean lan gehiago egin behar bada, arazoa handitu egiten da, lana are eta astunagoa eginez.

Eta azkenik, prestigioaren gaia dago; familia medikua bigarren mailako mediku balitz bezala hartzen dugu, sistemaren oinarri denean. Familia medikua ni bezain espezialista da, berak egiten du posible gaixo kronikoen jarraipena, gaitzen prebentzioa, eta arrisku faktore askoren kontrola. Askotan goraipatzen dugun edozein botika berrik baino bizitza gehiago ateratzen ditu aurrera familia medikuak. Eta hau ikusarazi beharra dago, hasi medikuntza fakultateetatik, pasa komunikabideetatik, eta herritarrekin bukatuz. Prestigiorik ez bada, ez da erakargarri izango, eta erakargarri ez bada, ez da familia medikurik izango.

Erremedio magikorik ez dela jakinik, epe ertaineko plangintza eskatzen du arazoak. Duen garrantzia aitortu, nora joan nahi dugun jakin, eta aurrekontua eskaini. Hau egin ezean, osasun sistemaren oinarria eroriko zaigu, eta beste medikuok ere ezingo dugu lana ondo egin.

P.S: mesedez, ez sartu hizkuntzaren kontua gai honetan, auzo-lotsa eragiten duzue eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.