Lander Garroren hitzak dira, Facebook-en jarriak orain hiru aste: «Atzo anaia amaren agurrera ekarri zuten Saint Maurreko kartzelatik, Urruñako elizara, Sokoako auzoan. Lau funtzionario etorri ziren harekin, auto bakarrean. Bidaia ederki egin zuten, kontu kontari, eta Sokoara iritsita terraza batean plater konbinatua jan zuten. Berehala elizara etorri ziren eta guztiak agurtu zituen Zigorrek, amaren lagunak, geureak, familia...; benetan memorablea izan zen. Gero Mikel Epaltza apaizak elizkizuna egin zuen, Zigorrek amari idatzitako gutuna irakurri zuen, artean ireki gabe zegoena, amak ezin izan zuelako inoiz zabaldu (...)». Espetxe administrazioak DPS estatusa kendua zion Zigor Garrori; ja ez zuten bereziki zaindutako presotzat, eta ez justu horregatik, baina horregatik ere ekarri zuten elizkizunera. «Benetan aske egon nintzen bi orduz, Lander».
ETAren armagabetzearen ostean, Ipar Euskal Herriko lantaldea Frantziako Justizia Ministerioarekin hizketan hasi zenean, euskal ordezkariek giltzarritzat jo zuten, espetxe arloan mugimenduak gertatzeko, euskal presoei DPS kentzea, erredentzio eta onuretarako. Azaroan jakin zen zazpiri kendu zietela; horrek ahalbidetu du, lehengo astean jakin zenez, Zigor Garro eta Julen Mendizbal Mont-de-Marsango kartzelara gerturatzea. Beste hurbilketa batzuk abian dira. Ez DPS kentzeagatik bakarrik; hori ere hala da.
Espainiako Estatuan, lehen gradua oztopoa da. Erregimen itxia da, eta espetxe legedia garatzea eragozten du. «Bereziki arriskutsuak» izateagatik ezartzen diete giltzapetuei, edota ustez erregimen arruntera eta irekira egokitzen ez direlako. Horrela dauzkate EPPK-ko kideen %95 pasa. Gainera, isolamendua aplikatzen diete, bidenabar. Urrunketa, lehen gradua eta isolamendua, Europako herrialde batean...
Esaterako, hau zen duela lau urte euskal preso baten panorama: etxetik 500en bat kilometrora; modulo batean bera bakarrik; funtzionarioekin baino ez zuen kontaktua; egunean bi aldiz zuen atari txiki batera irteteko aukera; ez zuen eguzkia ikusteko modurik; ziega egunero miatzen zioten... Horrek denak ondorio psikologikoak ere baditu preso —esan nahi baita, pertsona— batengan. Xabier Reyren kasua antzekoa zen. Reyk berak orain dela urtebete salatu zuen, gutun publiko batean, Espainiako Estatuak Arantza Zulueta kide ohiaren bizi baldintzekin izandako «ankerkeria». Eragileek Madrilen «mendekua» gaitzetsi dute orain, Reyren heriotzean.
Egoera aldatzen hasteko, inertziak hautsi eta bide berriak jorratu beharko da. Presoena berena da bat, oso garrantzitsua: aldian behingo txostenean espetxe arduradunek lehen graduan segitzeko erabakia jakinaraztean, norberak helegitea sartzea, bigarrengora pasatzeko eskatuz —erregimen arrunta—, irteera baimenak-eta lortzeko. Ezker abertzalearen aurreko estrategian, EPPK-koek kartzelan erresistentziari eutsi eta ez zuten bide hori jorratu; ari dira, estrategia aldatu zenetik. Horretan ere urteak galdu izana egozten diote askok ezker abertzaleari. Gero letorke hirugarren gradurako pasoa —erregimen irekia—, baldintzapeko askatasunerako. Espetxe legediari jarraituz, kaleratze —edo gizarteratze; errelatorako esanguratsua da ñabardura— prozesu bat hasiko litzateke. Tresna gehiago behar, ordea: kartzela eskumena, espetxe zaintzako epailea...
Sortuk berebiziko garrantzia ematen dio lehen graduak dakarren blokeoa hausteari; haren arabera, gerturatzeak, larri gaixorik diren presoak eta 70 urtetik gorakoak askatzeak eta Frantziako zigor urteak batzeak adinako garrantzia dauka.
«Kontuz ohiturekin! Izan ere, zenbat kosta izan zaigun (guri kontu honetan) egoerari heltzea! Ahalegin handiagoak egin beharko ditugu, guztiok, hemen bezalako egoeratan larritasunari berehala erreparatzen eta elkarlanean hasteko». Xabier Reyren hitzak dira, iazko eskutitzekoak.
Euskal presoak. Xabier Reyren heriotza. ANALISIA
Lehen gradua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu