Sortu legeztatzearen aldeko erabakia ia in extremis iritsi da, Auzitegi Konstituzionala berritu aurretik egindako azken osoko bilkuran. Bozketaren emaitza (6 alde, 5 kontra) ikusita, agian berritu ondoren gehiengoaren zentzua bestelakoa izango zen. Baina, azkenean, badaezpadako legez kanporatzeari betoa jarri dio Auzitegi Konstituziolak. Luze jo du Sorturi buruzko eztabaidak Auzitegi Konstituzionalean. Sorturen abokatu Iñigo Iruinek babes helegitea jarri zuenetik, urtebete eta hilabete pasatu dira. Lehenago etorri behar zuen Sortu legeztatzeko erabakiak, oraingo gehiengoa hasieratik baitzegoen Auzitegian. Azken orduan etorri bada, Pascual Sala Auzitegi Konstituzionaleko presidentea Sorturen aldeko gehiengoa zabaltzen saiatu izan delako etorri da. Ez zuen nahi errepikatzea Bilduren aldeko erabakiarekin gertatua, hau da, Bildu udal eta foru hauteskundeetan aurkeztearen alde egin zuten magistratuek jasan zuten demonizazioa. Hori saihesteko babesa bilatu du Pascual Salak auzitegiaren barruan zein kanpoan. Auzitegiko zatiketa kontuan hartuta, ez dirudi babes hori lortu duenik. Dena den, oraingoan Sorturi buruzko erabakiaren oihartzuna Bilduren kasuan baino samurragoa izango da sei magistratuentzat.
Sorturen legeztatzearekin ziklo bat itxi da: Bilduren inguruko erabakiarekin ixten hasi zen legez kanporatzearen garaia. Hamar urte luze. Garai berriekin bat datorren erabakia da, eta eragin handia izango du konponbide giroa sendotzen. Sorturen aurkezpenak eragin handia izan zuen bezala ondorengo ibilbidean. Zutik Euskal Herria ebazpenari jarraituz, ezker abertzaleak legezko alderdi bat izateko hautua egin zuen, eta, horretarako, Alderdien Legea beteko zuen alderdi baten estatutuak landu zituen. Borroka armatuaren zikloa ixteko apustuak atzera bueltarik ez zeukala erakutsi zuen iazko otsailaren 7an Euskalduna jauregian aurkeztutako pausoak. Inflexio puntu bat izan zen, ezker abertzaleari sinesgarritasuna eman ziona. Bilduren legeztapena erraztuko zuena, hauteskundeetako emaitza onak lagunduko zituena.
Aurrera begira, Sortu legezko izateak tresna garrantzitsu bat emango dio ezker abertzaleari berdintasun baldintzetan jardun ahal izateko. Lan politikoa beste baldintza egokiago batzuetan egin ahal izango du. Dena den, ez dirudi bidea aldaparik gabekoa izango denik, egon badagoelako Espainiako gizartean eta agintean sektore ahaltsu bat Sortuk ordezkatzen duen errealitate politikoa onartzen ez duena. Espainiako Justizia ministroaren lehen balorazioa horren seinale da.
Ezker abertzalearentzat barne antolaketa berrosatzeko eta berritzeko aukera bat izango da Sortu. Baina horrek ez du esan nahi indar metaketarako apustua aldatuko denik. Alderantziz. Ezker abertzalearen, Aralarren, EAren, Alternatibaren eta ABren artean lantzen ari diren ibilbide estrategikoak jarraipena izango du. Hurrengo hauteskundeei begira, Euskal Herria Bildu izango da erreferente nagusia, denek argi baitaukate hauteskundeak irabazteko benetako alternatiba ezkerreko indar subiranista eta independentistek osatutako batuketa dela.
Sorturen legeztatzea. Analisia
Legez kanporatzearen hileta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu