Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA
Lausoa
Pili Zabalari egin zaion kritikarik nabarmenetako bat izan da lausoa izatea, galderei zehatz-mehatz ez erantzutea, bere burua eta ordezkatzen duen proiektua behar bezala ez zedarritzea. Berdin da. Podemosen ezaugarrietako bat da hori. Indefinizioa. Beste kontu bat da noiz arte iraun dezakeen jarrera —edo estrategia— horrek. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Nafarroan. Laura Perezekin argibiderik ateratzeko modurik ez zegoen —eta ez dago— eta senataria eta Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaritza eskuratu ditu, besteak beste. —Badakit. Tranpa egiten ari naiz. Maiz Podemosi ematen zaizkion gauzak EH Bilduri eman nahi ez zaizkionak dira, baina horrek beste zutabe bat mereziko luke—. Bestalde, iruditzen zait Podemosi botoa ematen diona maiz Madrileko ordezkariei —Pablo Iglesiasi ez esateagatik— botoa ematen diola. Nire galdera da ea Iglesiasen marka eta eragina inoiz baino ahulagoak direnean fenomeno hori gertatuko ote den. Jakiteke dago. Hala ere, nik ez nuke Pili Zabala gutxietsiko. Hauteskundeetan ez dago dena hautagaien baitan. Arnaldo Otegi gainbaloratuko ez nukeen bezala. Salbuespena Geroa Bai da, zalantzarik gabe, Uxue Barkosi hertsiki lotutako koalizioa baita. Baina EAEn ez dago horren parekorik. Kazetari batek egiten zuen galdera (erretoriko) bat izan zen ea Maddalen Iriarte izanen zen Uxue Barkos berria. Zalantzarik ez dago: ez. Hala ere, bai Geroa Baik eta EH Bilduk gabezia bera dutela esango nuke, beharbada koalizioak direlako biak: marka (on) baten falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu