Pastor
DARWIN ETA GU

Lanegun arrakastatsua

2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Udan diru apur bat irabazi nahi du, abuztuaren amaieran astebeteko oporretan joateko, iaz bezala. Gero, unibertsitatera itzuliko da. Merkataritza-gune batean jendea behar dutela jakin du. Bertara joan da, xehetasun eske. Lan baldintzak azaldu dizkiote.

Bezeroen kezkak argitu eta galderak erantzuteko leku batean jarri dute. Zutik egon behar du, inguru horretan bueltaka, jendea noiz hurbilduko zain. Lehen egunetan ondo irten da dena. Lankideekin ez du arazorik izan. Elkar ezagutzen ari dira, pixkanaka. Atean dagoen zaindaria ere oso atsegina da. Atzo saltokiaren txartel bat eman zion lanean sartu zenean.

Bezeroek ondo jokatzen dute normalean. Hala eta guztiz ere, bada modu txarrean erantzuten duenik. Neskak 20 urte pasatxo ditu eta gizon batzuek —gizonentzako produktuak saltzen diren atal batean ipini dute— ez dute haren laguntza edo aholkua onartzen. Gazteegia dela uste bide dute. Haiek baino gehiago dakiela pentsatuko du?

40 urtetik gorako gizon bat etorri zaio gaur, apaletatik hartu duen produktu bat eskuan. Gailuak nola funtzionatzen duen galdetu dio neskari, zer alde dagoen, kalitatez eta prezioz, beste marken makina berdinekin. Ia ordu erdi batez jardun dute hizketan. Azkenean, produktu ustez egokia aukeratu du gizonak. Zenbat balio duen jakin nahi du. «Prezioaren barruan zu ere sartuta zaude, pack berean zoaz?», bota dio, kolpetik. Eta joan egin da. «Memelo halakoa», esan du neskak, haserre eta ahopean. Musukoak hitzen oihartzuna isiltzen duela pentsatu du, baina gizonak belarri finak ditu. Bueltatu egin da eta zorrotz begiratu dio, amorruz beterik. Gero, alde egin du.

Lankide bat gerturatu zaio, bezeroa aldendu eta segituan. Berak baino urte gehiago ditu. Itxuraz, denbora luzea darama enpresan. Dena ikusi du izkinatik. Zer gertatu den galdetu dio. Neska gazteak kontua azaldu dio lankideari: gizonak zer erosi nahi zuen eta zer galdetu dion bukaeran. Hark nola erantzun dion ere esan dio.

Erretolika botatzen hasi zaio lankidea, sustengatu beharrean. Ez zuen hala erreakzionatu behar. Gizonak hori esan badio, aguantatu egin behar zuen. Bezeroek arrazoia dute beti. Erantzun txarrik ez eman. Horixe izan da azalpena. Ondorioa: lanean kontuz zer esaten diozun zeure duintasuna iraintzen duen gizonari. Negozioaren izenean dena onartu behar dela iradoki dio. Dena? Bezero batek lapurra deituko balio lankide horri, engainatu egin nahi duela esango balio, onartzeko prest egongo litzateke? Eta iraintzen hasiko balitzaio, besterik gabe? Neska produktuaren prezioaren barruan sartuta badagoen galdetzea, ordea, ez da inolako erasoa edo jazarpena. Gehienez ere, gustu txarreko kontua.

Neska gaztea bakarrik geratu da berriz. Lana galdu nahi ez badu, isildu egin beharko du. Ez dio aurre egingo erasotzen dion bezeroari. Merkealdiak hasi berri dira; jende asko etorriko da. Bat egin beharko du enpresak aurten hedatu duen esloganarekin: Reba... ¿qué? ¡REMAJAS! Jatorra izan beharko du, atsegina. Oso maja, bai. Berrogeitaka urteko gizon adurti batek berrogeitaka euro ordaindu eta bizarra mozteko makinarekin batera bera ere erosi ahal duen galdetzen badio, orduan ere aurpegi ona. Goxoa.

Beste lankide bat hurbildu zaio. «Eta lana amaitu eta gero zerbait hartzera joango bagina? Gero, zerbait sortzen bada...». Punta Cana aldeko txiringito batean dagoela ematen du, pentsatu du neskak. Laneko emakumeei goitik behera begiratzen die mutilak, ganadua balira bezala. Gero, materiala aukeratu eta proposamenak egiten dizkie.

Irteeran betiko zaindaria dago. Elkar agurtu dute. Eman zion txartela ondo begiratu ote duen galdetu dio gizonak orduan. «Atzeko aldean nire sakelako telefonoaren zenbakia zegoen». Neskak ez du jakin zer esan. Kanpora irten da, lotsatuta. Txartela zakarrontzira bota zuen atzo. Txartelak ez zaizkie, bada, bezeroei ematen? Zer dela eta eman zion berari, bezeroa ez zela baldin bazekien? Etxerako bidea hartu du. Bukatu da laneguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.