Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Lan formak erre

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Askoren lan forma edo ereduetan erredurak eragin ditu COVID-19ak. Gradu ezberdineko erredurak: zenbait kasutan iragankorrak, beste anitzetan iraunkorragoak eta, azkenik, birusak bere horretan kiskali dituen horiek.

Gurutzetan erredura handienak bezala, jendetzan eroso zeuden taberna, ostatu, denda txiki zein handietako lan moduak kiskali dira. Distantzia soziala gorde behar delarik, eremu erlatiboki txiki eta pilaketa handiko tokiok (herri eta hirietako alde zaharretako kale meharrak nahiz merkataritza gune handietakoak...), jaien bueltako negozioek eta hainbat kultura ekitaldik, berbarako, bideragarritasun ekonomikoa kolokan dute birusak diraueno. BECtekadarik ez. Eta landun guztien %10-15 egon liteke egoera horretan, zaintza intentsibo premian, datozen hiruhilekoetan.

Hezkuntza edo osasungintza alorrean, aldiz (sektore publiko eta parapublikoan lanpostu ugaridunak), erredurak iragankorragoak dira. Lan moduak presaka moldatu behar izanda, errealitate gordinak erasan die eta ahalegin itzela eskatu zaie sektoreoi. Erreduren kaltea gutxietsi gabe eta lanpostu guztien %20 inguru sektoreon bueltakoak direla kontuan izanda, oro har ederki erantzun dute, eta nolabaiteko normaltasun batera itzultzeko aukerak badituzte.

Erredura iraunkorragoez idatzi asmo nuen asteon. Lan egiteko molde zaharrei telelana deritzan orbaina eragin die COVID-19ak. Beste aukerarik apenas eta, hainbat jardun etxetik bertatik egiteko gai bagarela frogatzera behartu gaitu birusak. Angel Errok maiatzaren 14an berripaper honetan egindako analisian guztiz bat nator: gelditzeko aukerak ditu telelanak, besterik da derrigorrezko bihurtuko ote den. Eta lan ez-ordainduan (emakumeengan zer esanik ez, Pentsaldian aipatua izan denez) izan ditzakeen ondorioak.

Landunen heren bati eragin diezaiokeen kontu honen arriskuak maiatzaren 13an Joseba Alvarezek orriotan jorratu zituen; «koronabirus kapitalista» gisa bataiatzeraino. Facebookek berak ontzat jo duenerako, izango da zertan kezkaturik. Eta (beste) Josebak aipatu arriskuetan bat etorri arren (langileak bakartu eta atomizatzea, bizitza pribatuarekiko mugak lausotzea, eta abar), nago telelanaren txanponak baduela beste aurpegi bat ere. Ifrentzuaz gain, aurkia ere aurkitzen jakin beharko genukeela, alegia (Angelek egin lez): joan-etorriak murrizten, energia eraginkortasunean, zaintza lanak errazten edota herri txikietan lana errotzen lagun lezake. Lan forma berria, beraz. Eta natorren, azkar batean, asteko izarra izan den lan erreforma aipatzera!

Lan harremanen euskal esparrurik ezean, Espainiakoaren soinekoak nekez jantziko gaitu dotore. Rajoyren 2012koak aldatzeko premia badu (tartean telelanari lege araudi egoki bat emateko), baina ez dakit zenbait alderdik eman nahi dioten hori (bakarrik) den. Krisi honek, aurrekoak legetxe, doako kaleratzea pairatzen dutenak kaltetu ditu: behin-behineko kontratudunak. Aurten, bi hilabetean, ia 900 mila lagun gelditu da langabezian Hego Euskal Herrian eta Espainian; 2008an seihileko txarrenean beste. Eta oraingoan, hain gazte ez direnak ere bazeuden tartean, prekarizazioaren birusak jota. Zerbait erre eta errautsetatik birsortu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.