Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Lainopean

Pello Urzelai.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainetan laino moduko bat sortzen da, paisaia politikoa ezkutatu arte iristen dena. Mezu politikoak izugarri ugaritzen dira, alderdi guztiek batera hitz egiten dute, egunero, eta ohi baino altuago. Horrek sortzen duen zarata mediatikoak ez du uzten ongi entzuten zer esaten ari diren. Horri alderdien hauteskunde estrategia ezkutuak gehitu behar zaizkio. Laino horren azpian, ezin da ikusi paisaia osorik. Urrutiko begirada bahituta bezala gelditzen da. Geroko benetako asmoak gorderik gelditzen dira. Horregatik, lainoa jasotzen duenean, hau da, hauteskunde gaua pasatzen denean, batzuetan ustekabeak gertatzen dira: kanpainan arerio gisa eta buruz buru ari zirenak itunkide bihurtzen dira. PSE-EE eta PPren arteko ituna ekar daiteke gogora.

Hauteskunde hauetan lau subjektu nagusi ari dira lehiatzen Hego Euskal Herrian. PP eta PSOEren kasuan, lehia nagusia Espainiako Gobernua eskuratzeari lotua dago. Haientzat funtsezkoa da Espainiako gobernuburuaren aukeraketa. Horregatik, egunotan sozialistak Rubalcaba eta Raxoi ez dira gauza bera leloa errepikatzen ari dira etengabe. Jauregik eta Lopezek nabarmendu dute «bakea sendotzeko» orduan Rubalcabak edo Raxoik gobernatzea ez dela berdin izango. PPk eta PSOEk bigarren mailan utzi dute euskal eremuan jokoan daukatena. Gainera, aliatuak dira Eusko Jaurlaritzan, eta argi utzi dute apustu horrekin jarraitu nahi dutela.

EAJ eta Amaiur, berriz, Euskal Herriari begira ari dira lehiatzen. Besteak beste, herriaren gidaritza nork hartu dago jokoan. Logikoak dira, beraz, bien arteko tirabirak. Baina garrantzitsuena hauteskundeen ondorengo ildo politikoa da. PPk eta PSOEk—berdin da nork irabazten duen Madrilen— nahiko argi daukate orain arteko aliantzari eutsi behar diotela. Eta EAJk eta Amaiurrek? Amaiurrek badaki proiektu independentista bat aurrera eramateko EAJrekin indarrak bildu beharko dituela, eta horrela onartu du. EAJk lainopean du bere asmoa: batetik, ezker abertzalea gogor kritikatzen ari da, eta, bestetik, PPri konfiantza osoa ematen ari zaio bakearen gaiaren kudeaketan. Arrasto gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.