Gotzon Barandiaran Arteaga.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketak (eta VII)

Kulturamotz

2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Josu Amezagaren atzoko iritzi artikulua osatze aldera, aukera politiko bakoitzaren oinarrizko ideologiaren erakusgarri, ozen salatu beharko dugu Euskal Herria gobernatzeko ardura duten alderdiek kultura frantses, espainol eta ingelesduna lehenesten dutela, kultura horietara bideratzen dituztela diru publikoak, euskal kulturaren kalterako. Benetako arazoa ez da dirurik ez dagoela, arazoa da dagoena euskarazkoa ez den kulturarako bideratzen dela eta hautu hori helburu politiko jakin batzuk erdiesteko hartu dutela, benetako arazoa da diru publikoaren eskuduntza ez dagoela ez euskalgintzaren ez euskal kulturgintzaren kargu. Euskarari eta kulturari murriztea erabakitzen duenak hautu politiko oso garbia egiten du, emergentzia egoera baten aitzakiara naufragoa oholera legez oratuta biktimarena antzeztu gura badu ere: Euskal Herrian euskara eta euskal kultura betiko gutxiagotuak izatea kultura espainol, frantses eta ingelesdunak nagusi, hegemoniko, ukiezin izan daitezen. EAJ-PNVk bere burua abertzaletzat balu, ez luke UMP, PSF, UPN, PPren gisa euskara eta euskal kultura ongizatetik legez herritarron eskubideen zerrendatik erauziko, ez bada helburu politiko jakinengatik. Euskarak zein euskal kulturak bizi duten ziurgabetasun arootan euskaraz eta euskal kulturagaz ezelango zerikusirik ez duen Guggenheim fundazioarekin hitzarmenak aldarrikatzen ari da fundazio horri berorri 2013ko aurrekontuetan 1.400 milioi euro esleitu dizkion BFAko kultura diputatua. Zergatik ez ditu kulturgileokaz epe luzerako hitzarmenak aldarrikatzen? Zergatik ez ditu bere ardurapeko kulturarako diruen %80 euskal kulturara bideratzen? Euskara helburu estrategikotzat badugu, euskal kultura ere estrategikotzat izan behar dugu, ezinbestean, euskara eta euskal kultura bereiziezinak baitira. Euskal Herria euskaldunduko badugu, euskal kulturaren normalizazioa erdietsi beharko dugu. Euskal Herrian euskal kultura nagusi ez bada, ez dugu Euskal Herria euskalduntzea lortuko. Euskal Herri osoko gobernu nagusien ardura duten alderdiek euskara zein euskal kulturarekiko politika berbera aplikatzen ari dira: desagerrarazteko amildegi ertzean mantenarazteko neurrien politika. Orain arte «euskarari eta euskal kulturari ez diete garrantzirik ematen» errepikatu dugun diskurtsoa okerra dela esango nuke. Garrantzia ematen diote, bai horixe, sarritan guk geuk baino gehiago, guk baizen argiago baitute euskara eta euskal kultura Euskal Herrian nagusi izanez gero beraien oinarri ideologikoak, Espainiaren zein Frantziaren nortasuna eta banaezintasuna, ez liratekeena nagusi. Ederto dakite jakin, joan den mendeon praktikan erakutsi diguten legez. Izen handikoen sorkuntzen ikusle pasibo gura gaituzte, ez sortzaile aske. Herritar galbahebako, otzan, meneko, ilarazale gainprodukziorako ondo prestatu, denaribaietz anestesiatu behar gaituzte. Erraz engainatu gaitzaten, gezurra egiatzat bedeinkatu diezaiegun, era guztietako iruzur erantzukizunik gabeko egin diezaguten, kulturamotz izan behar dugu herritarrok, derrigor. Josu Amezagak bere artikuluan esker oneko adierazi zuen legez, «gaur egun hizkuntza bizi bat badugu, herri nortasun sendo bat badugu eta, are, nortasun horretan oinarritutako sistema politiko bat badugu (zeinetatik, finean, eratortzen baitira Eusko Jaurlaritza edota Ogasun Saila bera), hainbat hamarkadatan milaka emakumek eta gizonek kultura lehentasunen artean kokatu dutelako izan da». Zergatik ez dugu milaka horiek euskara eta kulturarekiko erabakien gaineko erantzukizuna geureganatzen? Nor bere zilborrari begira iraungo dugulakoan gaude, ez dugula batak bestearen beharrik gure herrian nagusi izateko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.