Eider Alkorta.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Kudeaketa ardatz?

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hementxe ditugu hainbeste aldiz (ia) aurreratu dituzten hauteskunde autonomikoak. PSE-EEren gobernuak PPren babesa galdu ondorenean, deialdiaren bat-batekotasuna ikusi zuen zenbaitek. Azkenean, ordea, egoera ekonomiko latza eta aurrekontuak onartzearen ezintasuna edota aurre egin nahi ez izana dira hauteskunde deialdia zertxobait aurreratzearen akuilu nagusiak.

Hauteskunde bakoitzak klabe propioak ditu, baina oraingoan hasiera batean ustez kanpainako diskurtsoetan protagonista izan zitezkeen gaiak bigarren mailara zokoratuak izan dira. ETAk behin betiko armak uztearen erabakiaren berri eman zuenetik lehen hauteskundeak izaki, bazirudien haren presentziarik eza gehiago nabarmenduko zutela alderdiek. Gaur-gaurkoz ez da horrela, praktikan ez direlako ETAren biolentzia gabeko lehen hauteskundeak, baina herritar eta eragile askok gure historiaren orrialde hori lehenbailen pasatzea erabaki dutelako ere bai. Ilegalizazioen aroaren bukaera eta Ezker Abertzalearen itzulera ere ia oharkabean doa.

Egoera sozioekonomikoak baldintzatu ditu hein batean kanpaina honetarako alderdiek diseinaturiko proposamen eta estrategiak. Identitatearekin loturiko auziak urtuak gera zitezkeen murrizketen eta krisiaren itsasoan, eta alde horretatik kanpaina hotz bat espero zitekeen; zalaparta gehiegi ateratzeko asmorik gabe, herritarren arazoei aurre egiteko behar diren gizon-emakume kudeatzaile prestuak erakutsiz. Baina Katalunian izan diren azken ekimen subiranistek, Estatu Espainiarreko arkitektura auzitan jartzeaz gain, gurean ere izan(go) dute eraginik. Independentziaren gaia kanpainan sartu da. Ondorioz, alderdiak diskurtsoak moldatzera behartuak sentitu dira; baina zeini egin diezaioke mesede eta zeini kalte?

Orain esanak espekulazio ariketak besterik ez dira, baina subiranotasunaren auziak EH Bilduri mesede egin diezaiokeela eta EAJri kalte egin diezaiokeela pentsatzera eraman gaitzake. Izan ere, EH Bilduk argi adierazi du zein den bere apustua, lurraldetasuna salbu, eta EAJk ziurrenik independentziaren auzia kanpainaren lehen planoan jartzeko asmorik ez zuen. Euskal politikaren erdigunearen papera aldarrikatu du behin eta berriro, eta independentziaren auzian EAJk Euskadi «herrialde osoa» izatea eta Europan barneratuta egotea nahi duela adierazi du.

Baina kontraesankorra badirudi ere, PSE-EE eta PP bereziki izan daitezke gai identitarioak jokalekuan sartzearen onuradun nagusiak. Parte hartzea klabea izango den hauteskunde hauetan, bi alderdi horiek euren hautesleria bat mobilizatzea lor dezakete independentismoaren mehatxuaren argudiopean.

Kanpaina amaitzeko falta den astean garrantzitsua izango da gai hau kudeatzeko alderdien abilezia. Dena den, independentziaren gaia hauteskunde agendan sartzeak eta bozek gehiengo abertzale bat irudikatzeak ez du derrigorrean hurrengo legegintzaldiaren ardatz bilakatuko, ETAren jardueraren amaierak automatikoki bake eta normalizazio aroa ez dakarren moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.