Asko galdetzen hasi dira «hobeagoak» aterako ote garen koronabirusak eragindako krisiaren ostean, eta, horrela balitz, eredu sozial gizatiarrago eta parekideago baten bezperan egongo garen. Berez, eragile aurrerakoi askok egungo egoerak sorturiko haserrea euren aldarrikapenak egikaritzeko aukera-marko gisa ikusi dute. Historiak, ordea, kontrakoa gertatzen dela erakutsi digu: krisialdi ekonomikoak ikuspegi feminista batetik aztertu dituzten adituek, hiru jarraibide errepikatzen direla ondorioztatu dute: 1. Krisialdietatik, emakumezkoen lanaren areagotze baten ondorioz —ordaindua, baino batez ere ordaindu gabea—, atera egiten garela. 2. Krisialdiaren ondoren gizonezkoen enplegua emakumezkoena baino arinago berreskuratzen dela. 3. Oparotasun garaietan berdintasun alorrean lortutako aurrerapenetan atzera egiten dela, lege, berdintasun politika eta, orokorrean, joko-arauei dagokionez.
Oraingoan gauzak desberdinak izango ote diren jakiteko, bestelako galderak egiten hasi beharko ginateke: aurreko krisialditik hona gauzak zenbateraino aldatu diren, eta sistema eraldatzea helburu duten eragile soziopolitikoek pilatutako indarrak noraino eraman ahal gaituzten, adibidez. Galdera hauei modu sakonean erantzutea lerro hauek idazten dituenaren helburu eta ahalmenetik haratago dagoen arren, hona hemen zenbait ohar eta datu.
Hamar urte baino gehiago pasatu dira Berdintasunerako legeak aprobatu zirenetik, eta, erakunde ezberdinen arabera, aurreko krisiaz geroztik emakumeek baliabide ekonomiko eta materialetara dugun sarbidea areagotu egin da. Honen ondorioz, gure segurtasun ekonomikoak gora egin du, eta erabakiak hartzeko momentuan pisu handiagoa izatea lortu dugu. Halere, tarte honetan, Lanaren Nazioarteko Erakundeak Espainiako Estatua seinalatu du esanez soldata-desberdintasuna gehien hazitako herrialde garatua dela. EIGE (European Institute for Gender Equality) eta Eustat erakundeen datuek aditzera ematen duten bezala, Europa eta Euskadiko erabakitze gune politikoetan genero arrakala, astiro bada ere, murriztuz doa. Eremu ekonomiko-pribatuan, ordea, gure lurraldea batezbestekoaren azpitik kokatzen da.
Kontziliazioari dagokionez, zenbait aurrerapauso eman dira ere. Joan den apirilean, adibidez, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren pandemiaren ondorioz sortu diren behar berriei aurre egiteko lana eta familia bateratzeko laguntzak 15 milioi euro gehitu zituen. Konkretuki, seme-alabak edo mendekotasun egoeran dauden beste pertsonak zaintzeko eszedentzia/lanaldi murriztua eskatzen dutenei konpentsatzeko, edo zaintza lana hori egingo duten profesionalak kontratatzeko.
Arazoa zera da: zaintzakbiziki feminizatua dagoenzeregina izaten jarraitzen duela, eta, abiapuntuak desparekoa izaten jarraitzen duenez, sorgin-gurpila errepikatzen da: emakumeak lan prekarioagoak ditugunez, jardunaldia murriztekotan,guk murriztuko dugu. Errealitateak horrelakoa izaten jarraitzen duen bitartean, hartzen diren neurriak emakumeak kontzilia dezagun zuzenduta egongo dira.
Gizarte batetan aldaketa estrukturalak gerta daitezen, gutxienez bi mailatan eragin behar da. Batetik, hitzarmen-sozialarekin zerikusia duen maila, hots, gizarte batek adostutako «bizikidetza» arauak. Zentzu honetan, gobernuek parekidetasuna bultzatzea helburu duten erabaki batzuk hartuko dituzte errealitatean eragiteko helburuarekin, eta erabaki horiek, arau eta/edo politika publiko bihurtuko dira. Bigarren maila batean, gizarte baten kultura politikoa (heteropatriarkala) dugu, eta hemen aldaketak sustatzea are zailagoa da.
Mugimendu feministak aski ondo daki, eta aspaldi lantzen hasitako diskurtsoak aukeramarko honetan kokatu du, zaintzak politizatuz eta gizarte ereduaren aldaketarako giltzarri bezala aurkeztuz. Hartarako, ardura kolektiboak eta indibidualak zehaztu ditu. M-8rako antolatutako grebaz geroztik frogatutako indarrak, eragile sozial ezberdinek mugimenduaren aldarrikapenekin bat egitea, eta zaintzak gizartearen antolakuntzan betetzen duten zeharkako rola erakustea lortu du. Hortaz, gogoratu eta gogorarazi: «Oraina borroka bada, etorkizuna bizitza izango da».
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN
Krisialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu