Paperezko lekukoa

Korrikan, hizkuntza da gorputza

2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Urdaibai inguruan ez gara korrika ibiltzen. Are gutxiago, korríka. Arineketan gabiltzanean korrike ibiltzen gara. Edo, hobe esanda: kórrike. Bermioko lameran gora eta behera dabilen umeari «ez ibiltzeko kórrike!» esango dio helduren batek. Lagunen batekin badago eta umea ero badabil, kexatu egingo da, beharbada. «Honegaz umiegaz beti oestien!».Gerra hutsean esan nahi du oestien horrek. Western edo oeste-ko filmeetan bezala, alegia.

Jaio ninduen euskarak mutazioak maite ditu. Bermiotarrak ez dira eroak, «atrapata dauz». Kafe asko nahi dutenean «largurú» eskatzen dute, eta gutxi nahi badute «aubete». Bermiotarrek ez diote inori itxaroten, zain egoteari begira egotea esaten diotelako. Eta ez dute sekula santan korrika egiten. Ez bermiotarrek, ez mundakarrek, ez Altamira, Busturi, Gernika edo Sukarrietakoek. Urte osoan zehar, Urdaibaiko biztanleok kórrika egiten dugu, edo kórrike. «Ez ibili kórrike!», edo «nora zuz kórrike», edo «zoiez kórrike!». Urte birik behin, ostera, Arteagan eta Elantxoben korríka esaten da. Eta Korríka egiten.

Azentuaren aldaketak hitzaren esanahia irauli egiten du, niretzat. Ez zait kórrika ibiltzea gustatzen. Presaz nabilelako bada, gaizki: estresak bihotza estutzen dit. Kirola egiteko bada, are okerrago: bihotzak igerilekua eskatzen dit. Ez zait, ostera, Korríka egitea baino ariketa kardiologiko hoberik bururatzen. Ez norberarentzako, ez euskara izeneko tramankulu honentzako.

Nahita diot tramankulu. Hizkuntza horixe baita. Ondo dakite hori Korríkak omendu nahi dituen milaka euskara ikaslek. Forentseen antzera zatitzen dute eta dozenaka ordu ematen dituzte haren piezak josten, baita hariarekin atzamarrak zatitu arte ere. Tramankulu horrek, ostera, bihotza bizkortu dezake, geografia asmatu eta estatugabetasunaren mugak ukatu. Korríka jarri gaitzake, azentu bakarra aldatuta horrenbeste aldatzen den hizkuntza bat goresteko. Edo hobe: hizkuntza bat garela gogoratzeko, berben aberrikide, izan nahi duen edonoren lagun. Hizkuntza honek «pertsona» esateko «lagun» esaten baitu.

Hori ez bada ospatzeko modukoa... atrapata gauz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.