Beste behin ere, Korrika datorkigu, Euskal Herritik Euskal Herrirako itzuli euskaltzalean. Egunotan zehar, korri eta korri, euskararen aldekotasunak beteko ditu gure kaleak, gure errepideak, gure lurrak eta paisaia.
Korrikalariak ditugu Korrikaren protagonistak. Protagonista ezagunak eta aldi berean, izenik gabekoak, herritarrak eta euskaltzaleak baitira horren egileak. Euskarari muzin egin gabe, nekeari atsedenik eman gabe, euskararen garra euren baitan daramate.
Lekukoa eramango da herririk herri, herrialderik herrialde eta lekuko hori izango da egun horietan euskararen zeinu distiratsua, banaka zein taldeka agerraraziko diguna euskararen presentzia eta izatea gure gizartean. Hainbatez, lekukotasun horrek ekarriko digu gogora, ostera ere, herri honek bere burua euskalduntzeko eta alfabetatzeko egin, egiten eta egingo duen aparteko ahalegina.
Batera eta bestera, bateko eta besteko, ikasleak, irakasleak, lanbide desberdinetakoak, familiak… guztiok izango gara Korrikaren partaide, zuzenetik zein zeharka, nork bere burua eskainiz lankidetza horretan.
Korrikaren pausaldietan, hala ere, gogora ekarri beharko dira bestelako Korrikaldiak, egunero euskaltzaleok Euskal Herrian egiten ditugunak.
Lanean, zereginetan, egitekoetan… euskara erabiltzen dugula, Korrikarekin bat egiten dugu. Halakoetan euskara baliatzen dugula, Korrikan ari gara gu geu ere.
Korrikaren mezua aintzat hartuta, goizero, egunero, uneoro egiten dugu gure euskaltzaletasuna erakutsi eta adierazi, eta batik bat, gure eta besteen buruari esaten diogu, Korrikaren aldi gogoangarri horietatik kanpo ere, badirela osterantzeko Korrikak, eguneroko bizitzan egin behar ditugunak, euskararen eta euskalgintzaren mesederako.
Garai zailak ditugu oraingoan. Baietz biribilak baino, zalantza eta duda-mudazkoak. Aldaketa garaiak, hain juxtu ere. Horrexegatik esan behar da, 2013. urteko Korrika bitartean eta gero ere, Korrikaren leloa gure bizitzari luzatu eta eransten diogula: Eman euskara elkarri !
18. Korrika. Zortzigarren eguna. Paperezko lekukoa
Korrika... egunero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu