Maite Elizondo.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Koronafobia

2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19a gure artean ezagutzen hasi garanetik, aditu asko gure buru osasunean izanten ari den talkaren inguruan mintzatu dira. Diruak agintzen duen herrialdeetako egunerokotasunean ohartu gaitezke buru osasuneko gorabeherek izan ditzaketen eraginak norberaren helburu eta gaitasunetan. Nabarmena da buru osasuneko zenbait nahasmendu areagotu direla, baita berriren bat sortu ere. Antsietatea eta depresioa izan dira gehien entzuten ari garen nahasmenduak; horien adierazle diren sintoma ugari sentitu ditugu gehienok azkenaldian. Bi nahasmendu nagusi horietako eragileetako bat beldurra da, muturrera eramanez fobia bilakatu daitekeena. Maiz entzun dugu azken bi urte luze hauetan beldurra eraginkorra izan daitekeela, dugun errealitatera egokitzeko tresna interesgarria. Baina, non dago beldurra baliabide egokitzailea edo mugatzailea izatearen langa?

Gizakiok objetiboki arriskutsua den egoera edo pertsona baten aurrean sortzen dugun emozioa da beldurra. Arriskuari aurre egiteko gure zentzumenak martxan jartzen dira, gaitasunak areagotuz eta gorputzean erreakzio handia eraginez. Beldurra eragiten digun estimulu batek hasten du prozesua, hipotalamoa, hipokanpoa eta amigdalak estimulatzearekin batera adrenalinaren eztanda sortzen da, alerta egoera aktibatuz. Beraz, beldurra testuinguru arriskutsuetara egokitzeko mekanismoa dela esan dezakegu, biziraupenerako beharrezkoa. Gakoa neurrian dago, nahiz eta egoera bat arriskutsua izan, horri ematen diogun dimentsioak eta horren aurrean garatzen ditugun portaerek beldurraren eragina mugagarria bihur dezakete, gure gaitasunak txikituz eta egunerokotasunean oztopoak eraikiz.

Dena dela, testuinguruko arriskuez gain, buruko nahasmendu bat garatzeko faktore anitz batu behar dira: izaera, zaurgarritasuna, bizitzaren ibilbidea... Baina argi geratzen ari da COVID-19aren garai honetan jasaten ari garen ziurgabetasunak, bakartze sozialak eta neurri batzuen inkoherentziak, besteak beste, zaurgarriago bihurtzen gaituztela denok osasun psikosozialean.

Zailtasun berrietako bat koronafobia dugu, COVID-19az kutsatzeko gehiegizko antsietate edo beldurra. Gaixotasunarekin zerikusia duten pentsamendu edo egoerek erreakzio fisiologiko desatseginak eragiten dituzte, beraien eginbeharretan zailtasunak sorraraziz eta ongizate psikologikoa kolpatuz. Sozializatzeko zailtasunak sortu eta leku itxiak ekiditera eraman gaitzake arazo horrek.

Badaramatzagu bi urte COVID-19az ez kutsatzeko neurriak zeintzuk diren entzuten. Neurri horiek gure ongizate integralean ahalik eta kalte gutxien eragin dezaten asmatzea ez da erraza, baina interesgarria izan daiteke hausnartzea ea guk neurriak kontrolatzen ditugun edo neurriek gu, jakinik osasun biopsikosozialeko hiru esparruak elikatzea ezinbestekoa dela ongizatearen oreka mantentzeko, barne askatasuna sentitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.