Jeltzaleen garaipena ukaezina zirudien herenegun, zalantza zen zenbaterainokoa izango zen jasoko zuen uzta. Ezin hobea izan da. Bizkaian erabateko nagusitasuna erakutsi du, Bilbon garai bateko gehiengo absolutua lortzeko zorian izan da eta duela lau urte irabazi zituen alkatetzak —Barakaldo, esaterako—, berrindartu egin ditu. Bermeon ere apustu gogorra zuen, duela lau urte EH Bilduk ia 300 botorengatik lortu baitzuen agintea, baina atzo buelta eman zion zalantza guztiak uxatuz.
Arabak ere notizia onak ekarri dizkio EAJri. Gasteizen zegoen arreta, ea nork lortuko zuen alkatetza. Gorka Urtaranek gobernatu du legealdi honetan Maroto kentzeko akordioari esker. Orduan, gainera, EH Bilduk botoak eman zizkion trukean ezer eskatu gabe. Orain ez du halakorik beharko. Laudion ere, Arabako bigarren herririk handienean, EAJk alkatetza kendu dio koalizio abertzaleari, alde handiarekin, gainera, eta Agurainen Berazaren ondorengo ziklo politikoa kudeatuko du. Batzar Nagusietan ere Ramiro Gonzalezek karguan segituko du, PSEren babesarekin gehiengo absolutua izango dutelako. Izaskun Bilbaok, bestalde, eurodiputatu izaten segituko du.
Gipuzkoa izan da, akaso, zalantzaren bat sortu dion lurraldea. Donostiari ondo eutsi dio Eneko Goiak, sendotu egin du babesa, eta Batzar Nagusietan EH Bilduri aurrea hartu dio. Markel Olanok aukera guztiak izango ditu Diputatu Nagusi izaten segitzeko, sozialisten babesarekin hemen ere. Balantzaren beste aldean, galeren artean, Bergara, Deba, Ordizia edo Mutriku. Aurrerantzean EH Bilduren udalak izango dira.
Irabazleen artean ere alderdi sozialista kokatu behar da. Sanchez efektuak, nolabait, eragina izan du, batez ere Araban eta Nafarroan. Jeltzaleekin izan duten gobernu akordioak emaitza onak eman dizkiola esan dezake Idoia Mendiak eta berriro egitearen aldeko izango dira biak. Sozialisten onerako EAJk ez du lortu gehiengo absolutua ez Bizkaiko Batzar Nagusietan ezta Bilboko Udalean, eta ezkerraldean Portugaleteko alkatetza soilik badute ere, jeltzaleek euren beharra izatea sari handia da. Araban, hala ere, gutxik espero zuten Gasteizko Udaleko bigarren alderdia izatea, baina hala izan da. Nafarroan, bestalde, amestutako emaitza lortu du. Bigarren, Navarra Suma eskuineko alderdiak biltzen dituen koalizioaren atzetik, baina Geroa Bai eta EH Bilduren aurretik. Hauteskundeak egin aurretik iragarri zuten ez zutela ez eskuinarekin ez EH Bildurekin adostasunik egingo, eta emaitzek aukera emango diote Txibiteri Uxue Barkosen lekua hartzeko. Hala ere, ematen du asko hitz egin beharko dutela akordioa erdiesteko.
Espainiako egoerak ere lagunduko du jeltzaleen eta sozialisten arteko aliantzak bideratzeko. Eskuinak Espainiako hiriburua eta Madrilgo Gobernua eskuratuko ditu PP, Ciudadanos eta Voxen botoak bilduz eta horrek jeltzaleek Kongresuan izango duten garrantzia indartzea ekar dezake. Eskerrak fokoak Casadorengan izango direla, pentsatuko dute Alfonso Alonsok eta Amaia Fernandezek. Madril salbu, estatuko emaitzak ez dira onak izan eta esan daiteke neurri berekoak izan direla Gasteizen lortu dituztenak. PPk karta guztiak Arabako hiriburuan jokatzea erabaki zuen. Siglak ezkutatu ditu, une batzuetan garai bateko Unidad Alavesaren diskurtsoa atera dute abertzaletasunari gasteiztartasuna kontrajarriz. Emaitza bera lortu dute, bederatzi zinegotzitik lau galdu egin dituzte eta Batzar Nagusietan beste lau eserleku. Baliteke PPk etorkizun zaila izatea Casadorekin, baina Casadorik gabe ere zaila dirudi PPk beste itxura bat ematea Madrilen edo Gasteizen.
Egoera ezinhobean geratu da EAJ. PP jokoz kanpo, EH Bildu gero eta gipuzkoarrago bilakatzen eta botere gune garrantzitsuenetara ezin iritsiz, Podemos beherantz, jeltzaleen artean batek baino gehiagok pentsatuko du unerik egokiena dela gurpilari azken buelta bat emateko: EAEko hauteskundeak aurreratu eta aurrekontuak eta bozketak ateratzeko gaur egungo estualdiak desagerrarazi.
Udal eta foru hauteskundeak. ANALISIA
Kontuak ateratzen zaizkio EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu