Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Kontaktuen bila

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
COVID-19 pandemia gainditu ahal izateko, neurri garrantzitsu bat kutsatutako pertsona baten kontaktu ezberdinak bilatzea da, eta atzematea zein den haien egoera. Kasu berrien detekzio arinak helburutzat du birusaren hedapena moztea.

Euskal Autonomia Erkidegoan helburu hori lortzeko asmoz, Osakidetzak Go.Data plataforma erabiliko duela aipatu du. Plataforma hau Osasunaren Mundu Erakundeak sortu zuen Ebola birusak 2014an sortutako epidemia larriaren ondoren, eta Ugandan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan erabili zuten hasiera batean. Tresna horrekin, osasun publikoko larrialdi egoera batean kontaktuen bilaketa egitea lortu nahi da, agerraldien ikerketa egin ahal izateko.

Kutsatuta dauden kontaktuek probabilitate handia dute kutsatzeko ere. Horregatik, kontaktu horren ondoren, pertsona horiek aztertzea funtsezkoa da agerraldia ahalik eta arinen mozteko.

Lehenengo eta behin, kontaktuak identifikatu behar dira. Horretarako, kutsatutako pertsonaren azken mugimenduak aztertzen dira, non eta norekin egon den —familiarra izan daiteke, laguna, lankidea, garraiobide berean joan dena...—.

Ondoren, kontaktuen zerrenda bat egiten da, eta beraiei, kontaktuak izanik, aholkatu behar zaie isolatuak mantendu behar direla.

Azkenik, kontaktu horien segimendua modu jarraian egin behar da, sintomak ote dituzten ikusi. Horrela bada, eta kasu positiboak bihurtzen badira, berriro kasu horien kontaktuak bilatu beharko lirateke. Azken finean, birusaren transmisio-kateak detektatzen eta monitorizatzen joan behar da.

Aldi berean, galdetegi baten ondoren, informazio guztia datu-baseetan jasotzen da. Go.Data hainbat lurraldetan erabiltzen ari dira COVID-19aren agerraldiak kontrolatu ahal izateko, hala nola Frantzian eta Bartzelonako Clinic Ospitalean.

Beste lurralde batzuk, berriz, mugikorren bidezko miaketa digitalaren bidez saiatzen dira kutsatuak eta beren kontaktuak kontrolatzen. Horrela gertatu da Singapurren edo Hego Korean, esate baterako. Gainera, teknika hauek Asian intrusiboagoak dira; ez dira anonimoak, datu pertsonalak biltzen dituzte eta GPS bidez aurkitzen dituzte.

Europan mugikorrak ere erabiltzea aurreikusten da, eta jadanik proba ezberdinak egin dira hainbat herrialdetan, Bluetooth bidezko bilaketa eginez modu anonimoan, inguruan positiborik ez dagoen bitartean.

Bilaketa lan hori da gaixotasun kutsakorren hedapena geldiarazteko modurik eraginkorrenetako bat: fokuak aurkitzea, gune horietako kontaktuak aurkitzea eta isolatzea. Alde batetik, plataforma hauek oso baliagarriak izan daitezke egungo egoera larria gainditzeko, baina, bestetik, honek guztiak bere arazo etikoak agerian uzten ditu; esate baterako, nork eta zenbat denboraz kudeatzen den datu-basea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.