Anakoz Amenabar.
19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA

Kontaiozu

2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Azalduko diozu Atenasko lagunari han ikusi duen Korrika hori hemengoaren entrenamendu saio soil bat dela; hamaika egunez, gau eta egun, tarte batez zereginak utzi, eta milaka lagunek makina bat kilometro egiten dituztela euskararen alde. Komeriak. Azalpena samurtuko dizute Argia-k auzolanean bultzatutako itzulpenek, baina, halere, esplikatuko diozu Aramaion elurretan korrika hasi aurretik goizaldean txokolate baldekada bat prestatu dutela, Karankan bi zorok bakarrik eutsiko diotela lasterketari euripeko kilometroan, eta Arabako Errioxan 18. Korrikak kale egin eta inoizko lekuko gose handiena dutela.

Esango diozu, haren antzera, lehenengo aldiz Korrika nagusia biziko dutenen odola irakiten dagoela. Asteak Ika-ika-ika kantari dabilen bi urteko Intzarentzat lehenbizikoa izango dela Zigoitia inguruan, zortzi urteren ostean berriz jaio den Pablok ere irrikaz hartu duela Laudio aldean, Gasteizko alkatearen ustez beti etzanda dauden horiek tarteka altxatu eta korrika egiten dutela alde zaharrean, altxatzeko gogorik ez duten milaka langabetu ere lasterka izango direla erakundeen parean eta, hor inguruan, lehenengo urratsak egin dituen Alea aldizkariak beterano taldearekin hitzordua duela larunbatean.

Greziara joan gabe, kontaiozu orain egunero igogailuan topo egiten duzun gizon horri, Korrikaren izerdi arrastorik ez den alboko mundu horretan bizi den bizilagunari. Haren ezaxolak Lautadako kilometro amaigabeak eta Gorbeialdeko maldak igotzeko indarbetetzen zaituela. Kontaiozu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.