Jenofa Berhokoirigoin.
IRITZIA

Konplizea

2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ez dakizu zenbat min egiten didazun joanez. Hemen atxikiarazteko ahala banu, erabiliko nuke!» hitzak oihukatu zizkidan belarrira, iazko Baionako bestetan, Kalostrapeko ostatu izkinan. Plagio bat egin, eta erran horiek berak zuzenduko nizkioke egun: «Ez dakizu zenbat min egiten didazun joanez. Hemen atxikiarazteko ahala banu, erabiliko nuke!». Nola da bilakatzen ezezagun bat adiskide? Lankide bat bizikide bilakatzeko prozesu misteriotsua zein da? Badira hitz batzuk, ezagutu arren, erabiltzen ez direnak. Entzuten dira, irakurtzen dira, erabiltzeko gogoa ere pizten dute, baina baliatzeko unea ez da agertzen. Hitz horietariko bat konplize izan zen niretzat, eta lehen aldiz Txatorekin nuen harremana izendatzeko izan zen. «Konplize gira» erraten nien lagunei, harekin nuen harremana deskribatzeko. Gogoratzen ditut BERRIAn pasatako lehen asteetako egunak. Arrats bukaera, ezer eman ez zuen Kontseilu Nagusiaren biltzar nagusi batetik Pauetik jina, eta orri zuri bat begien aitzinean. Estresa, negarra begian, eta gomit bat ondoko eserlekutik: «Hartu zigarro bat Jenofa». Hitz egokiak aukeratu zituen, kontseiluz eta goxotasunez josiak; magiaz lasaitu, eta orri zuria betearazi zizkidatenak. Beti zituen hitz egokiak, kontseiluz eta hitz goxoz josiak. Eta analisiz. Dena zuelako analizatzen Txatok, pauso guztiak zituen aztertzen, galdekatzen, eta beti zen posizionatzen. «Agian tronpatzen naiz e, badakizu, ni bezalako asto tzarrak...», gehitzen zuela umil. Zenbat denbora egin dugun BERRIAko ate aitzinean kalakan, politikaz, haren baratzeaz, sistemaren zernahikeriaz, generoaren eraikuntzaz eta bide batez deseraikuntzaz, Euskal Herriaz, laborantzaz, munduaz, nitaz, hartaz... Lagun on bat joan zait betiko. Euskal Herriak, euskarak, BERRIAk eta bere senide eta adiskideok lagun maite bat galdu dugu. «Faltan botatzen dut zure luma fina, beraz, badakizu, ausartu eta idatzi», idatzi zenidan duela aste bat. Hitz ematen dizut, idatziko dut! Espainiako eta Frantziako gobernuek ere arerio handi bat galdu dute, analisia eta ideia interesgarriak zituelako. Azken hatsa eman duzu lagunekin poteatzen. Segur aurretik bertsu batzuk bota zenituela edo txistua zenuela ezpainen artean. Betiko egonen zira nire bihotzean. Atxikitzen ditut mila oroitzapen: Txato bertsotan, Txato BERRIAko bere ordenagailu aitzinean, Txato bere oiloen artean, Txato kitzikatzaile prentsaurrekoetan, Txato espaloian manifestarien kontatzen, Txato Epaiskan, Pireneseko terrazan zurekin buruz-buru pasatako momentuak, Txato, Txato eta Txato... Mila oroitzapen, baina azkenean ez aski. Ez zintudan ezagutzen. Ezagutu zaitut, eta maitatu zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.