Bost aste igaro dira Hego Euskal Herrian, eta zerbait gutxiago Ipar Euskal Herrian, konfinamendua hasi zenetik. Astez aste luzatzen joan da, eta denok gaude noiz bukatuko zain. Baina konfinamenduaren bukaera azkarregi eginez gero, izurriteak gora egin dezake berriro; beraz, zuhurtziaz jokatu behar da une oro.
Osasunaren Mundu Erakundeak bere irizpideak argitaratu ditu transmisio komunitarioko agertoki iraunkor batetik —orain murgilduta gauden honetatik— transmisio txikiko agertoki batera —oraindik ez gauden batera— igarotzeko. Lehenengo irizpidea da transmisioa kontrolatua egotea. Irizpide hori betetzeko ez dago kontuan hartu beharreko kasuen kopuru magikorik, baina Wuhanen, esate baterako, konfinamendua gutxitzea proposatu zutenean, 50 kasu positibo baino gutxiago atzematen zituzten egunero.
Bigarren irizpidearen arabera, funtsezkoa da giza osasun-sistema gai izatea kasu berri guztiak detektatzeko, diagnostiko-proba egiteko, bakartzeko eta tratatzeko, bai eta haien kontaktuak identifikatzeko eta kontaktu estuen berrogeialdia ezartzeko ere.
Hirugarrenez, lehen mailako arreta, ospitaleak eta egoitzak indartu behar dira erasokor gisa jotzen diren eremuetan infekzio-arriskua gutxitzeko, eta arreta berezia jarri behar da osasun-langile guztientzat egokiak diren norbera babesteko ekipamenduak eskuratzen.
Laugarrenez, prebentzio-neurriak ezartzea jende asko ibiltzen den lekuetan, eta, bereziki ,eskolak aipatzen dira, baina baita lantokiak, garraio publikoak eta abar ere. Babes-neurri eraginkorrak bete beharko lirateke (eskuen higienea, urruntze soziala, maskaren erabilera), eta herritarrek argibide argiak eta material nahikoa izan behar dute neurri horiek bete ahal izateko.
Bosgarrenez, inportatutako kasuak agertzeko arriskua kontrolatzea, hau da, herrialdetik kanpo kutsatutako pertsonak atzematea, bereziki transmisio komunitarioa duten herrialdeetatik datozenak.
Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagoko, gizarteak guztiz jakitun izan behar du jokoan dagoenaz, eta birusaren aurkako borrokarekin konprometituta egon behar da. Herritarrek ezagutu eta ulertu behar dute estrategia aldaketa bat egongo dela, eta horrek zer dakarren: kasu larriak detektatu eta tratatzetik (orain egiten dena), beharrezkoa denean kasu susmagarri guztiei diagnostiko probak egitera eta bakartzera pasatuko garela (horrekin jadanik hasi da), eta, bitartean, oraindik kentzen ez diren murrizketa guztiak maila handian bete behar dira, eta oinarrizko banakako prebentzio-neurriak erabiltzen jarraitu behar da.
Orain Euskal Herrian ez gaude prest irizpide horiek guztiak bete ahal izateko, baina hiru aste ditugu, oraingoz, konfinamendu hau betetzeko, eta maiatzaren erdialdean irizpideak bete ahal izateko gaitasuna izango dugun esperantza izan behar dugu. Ez da erraza izango, baina ziur lortuko dugula.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK
Konfinamenduaren bukaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu